Hil zituzten lekuan omenduko dituzte, baina Iruñeko espetxe zaharrean ere oroimen ekitaldi bat egingo du Nafarroako Fusilatuen Elkarteak. Fusilamenduen 78. urteurrenean omendu dituzte.
Ekitaldiak aurkezteko agerraldian, 52 hildakoen arrastoak topatzeko "ikerketa serio bat" egiteko eskatu du elkarteko presidente Olga Alzegak. Cadreitako omenaldia 19:30ean hasiko da, eta loreak utziko dituzte fusilatu zituzten lekuan, Valcarderan. Horiek gogoratzeko plaka bat ere jarriko dute. Iruñeko ekitaldia 18:00etatik aurrera egingo dute.
Alzegak azaldu duenez, eskuak lotuak zituztela eraman zituzten 52 errepublikanoak Iruñetik Cadreitara, autobusean. Jakina da Erorien haranera eraman zituztela baina, senide baten ekimenez, 1979an Nafarroara eraman zituztela arrastoak. Uste dute Corellatik gertuko hilerriren batean lurperatu zituztela.
Han galdu zitzaien arrastoa. Alzegak salatu du elkarteak abiatutako ikerketa "irtenbiderik gabe" dagoela eta "isiltasun ulertezina" dagoela gertakari haien inguruan.