Nafarroako Gizarte Batzarra sortu dute hainbat taldek eta eragilek

Elkarretaratzea eginen dute abuztuko ostiraletan, Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketen aurka

Erredakzioa
Iruñea
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Bat egin, murrizketen aurka. Helburu horrekin sortu berri da Nafarroako Gizarte Batzarra. Hogei sindikatuk eta gizarte taldek bultzatu dute ekinaldia, baina zabalik utzi dituzte ateak, bat egin nahi duenarentzat. CCOO eta UGT sindikatuak, Etorkinen Elkarteen Nafarroako Federazioa eta M-15 Nafarroa mugimendua dira, bertzeak bertze, parte hartzaileen artean.

Batzarra «halabeharrez» sortu dutela azpimarratu dute taldeok, «Espainiako Gobernua, krisi ekonomikoa baliatuz, gizartea suntsitzen» ari delako. Murrizketei aurre egiteko, elkarlana jo dute tresna nagusitzat. Ildo horretan,abuztuko ostiraletan elkarretaratzeak eginen dituzte, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren egoitzaren aurrean.

Greba egiteko aukera ere ez dute baztertu batzarreko kideek. «Ziurrenik, herritarrek greba egin beharko dute PPren gobernuak emandako kolpeari erantzuteko», erran du UGTko Nafarroako idazkari nagusi Juan Goienek.

Nafarroako Gizarte Batzarrak egin beharreko urratsak zehazteko, atzo egin zuten osatzen duten taldeek lehendabiziko bilera, eta bertze hainbat eginen dituzte datozen egunotan, iragarri dutenez. Gero eta talde eta eragile gehiagoren atxikimendua lortzea da bultzatzaileen asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.