GIZARTERATZEA

Nafarroako Gobernua: "Errenta bermatua jasotzen duten guztiek lana izanen dute bi urte baino lehenago"

Gizarteratze Plan Estrategikoa aurkeztu dute Miguel Laparra, Maria Solana eta Fernando Dominguez kontseilariek.

Maria Solana, Miguel Laparra eta Fernando Dominguez kontseilariak, gaurko aurkezpenean. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
2018ko otsailaren 26a
17:17
Entzun

Asmo handiko egitasmo bat aurkeztu du gaur Nafarroako Gobernuak: Gizarteratze Plan Estrategikoaren zirriborroa. Eta, horri lotuta, konpromiso zehatzak hartu ditu laukoak: besteak beste, lanerako gai izan eta errenta bermatua jasotzen duten guztiei lan bat bermatzea bi urteko epean; pertsona horien erdiak, gainera, ez lirateke langabezian egonen hamabi hilabete baino gehiago.

Muturreko pobrezia ere erdira murriztu nahi du Barkosen gobernuak. 2015eko datuen arabera, herritarren %8,8 daude egoera horretan, eta %4,4ra jaitsiko lukete.

"Gizarteratzea eskubide bat dela jasotzen du plan estrategikoak, zurian beltz, eta horrek betebeharrak dakartza administrazioarentzat", azaldu du Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak. Betebehar horien artean aipatu ditu etxebizitza, hezkuntza edota osasun unibertsala bermatzeari dagozkionak.

"Administrazioak betekizun izanen du etxebizitza eskaintza zehaztea, arrisku handieneko sektoreei begira", esan du Laparrak. Hala, alokairu sozialeko etxebizitzak sustatuko dituzte gazteen eta errenta apaleko familien artean.

Hezkuntza ere aipagai izan dute gobernuko ordezkariek. "Bazterketa sozialaren faktoreetako bat da gutxieneko titulazioa ez edukitzea, eta hori aldatu nahi dugu", azaldu du Hezkuntza kontseilari Maria Solanak. Hala, neurriak iragarri dituzte eskola porrota %8tik behera egon dadin —gaur egun %11,3 da—. Horrez gainera, "baliabideen banaketa bidezko bat" bermatuko dute ikastetxeen artean, martxan jarriko dituzte bazterketari aurre egiteko neurriak, eta derrigorrezko ikasketen ondorengo programa ere sustatuko dute.

Osasun alorrean ere, errenta bermatua jasotzen dutenen eta ez dutenen arteko arrakala handia dela azpimarratu dute azken ikerketek. Desoreka hori murrizteko xedea du Gizarteratze Plan Estrategikoak, pobreziari lotutako gaitzei aurre eginez. Hala, depresioak, buruko gaitzak, gizentasuna eta diabetesa prebenitzeko programak sustatuko dituzte.

Bazterketa soziosanitarioko egoeran direnak identifikatu eginen dituzte historia klinikoan, osasun arreta haien beharretara egokitzeko xedez. Protokolo berriak ere martxan jarriko dituzte, zaurgarritasun egoeran diren familiei arreta berezia eskaintzeko.

Oro har, arreta berezia jarriko dute sektore ahulenetan edota arrisku handiena dutenengan; besteak beste, haur eta gazteak, emakumeak, atzerritarrak, ijitoen komunitatea eta guraso bakarreko familiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.