UPNko eta PSNko batzorde eragileek bilera bana egin zuten atzo Iruñean. Erregionalistenak oniritzia eman zion UPNk PPrekin Espainiako hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko lortutako akordioari. Sozialistenak, berriz, akordio horren harira, UPNk Nafarroako Gobernua «krisi egoeran» jarri duela salatu zuen.
UPNko batzorde eragilearen bileran 21 kidek parte hartu zuten: haietako hemeretzik UPNren eta PPren arteko akordioaren aldeko botoa eman zuten, eta bik kontrakoa. Nafarroako presidente ohi Miguel Sanzek ez zuen bileran parte hartu. Hasieratik UPNren eta PPren arteko akordioaren aurka agertu da.
PSNko batzorde eragileak, halaber, UPNren eta PPren arteko akordioaren aurkako jarrera berretsi zuen atzoko bileran. Orain arte baino irmoago agertu zen PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenez Nafarroako Gobernuan bazkide dituen UPNko kideen aurka, eta erregionalisten presidente Yolanda Barcina «Nafarroako Gobernua krisi egoeran» jartzen ari dela salatu zuen eta «interes elektoralak beste edozer gauzaren gainetik» jartze leporatu zion. Ildo horretan, Bilduri botoak irabaztea eragozteko Barcinak darabilen argudioa «gezurra» dela esan zuen Jimenezek: «PSNrekin hitzartzeko bezala, orain PPrekin hitzartzeko darabil argudio bera; Barcinaren jokabideak erakustendu du bere konbikzio ideologikorik eza». Harago ere joan zen PSNko idazkari nagusia: «Zertaz hitz egin behar du Barcinak, ETA desagertzen denean? Nor da Barcina Bildu gabe?».
«Koalizioko gobernuetan funtsezko elementua da konfiantza, eta Barcinak hautsi egin du oinarri hori», gaineratu zuen. PPrekin adostutako hitzarmenaren bidez UPNk bere interesak herritarren interesen gainetik jartzen dituela salatu zuen Jimenezek. «Ezin da Nafarroarako sozialistekin programa bat adostu, eta Espainiarako beste bat PPrekin. Programa kontrajarriak dira oinarrietan eta balioetan».
Jimenezen ustez, Barcinaren asmoa da hirugarren bazkide bat sartzea Nafarroako Gobernuan, «atzeko atetik». Sozialistak ez dira hori onartzeko prest, PSNko idazkari nagusiaren hitzetan. UPNko eta PPko kideen arteko hitzarmenak «egoera zaila» eragin duela gaineratu zuen Jimenezek, eta, ondorioz, Barcinari bilera eskaera egin dio jada, iragarri zuenez.
UPNren ustez, «onena» da
Atzoko batzorde eragilearen bilera eta gero, PPrekin adostutako hitzarmenak ez duela zertan Nafarroako Gobernuan sozialistekin duten akordioan eraginik izan behar erran zuen UPNko idazkari nagusi Carlos Garcia Adanerok, eta gaineratu zuen UPN prest dagoela PSNrekin hurrengo lau urteetarako sinatutako akordioa betetzeko.
UPNren eta PPren arteko akordioa erregionalistentzat «onena» dela erran zuen, bai eta Nafarroarentzat ere. UPNko batzorde eragilearen oniritzia jaso eta gero, alderdi horretako kontseilu politikoaren babesa lortu behar du, oraindik ere, erregionalisten eta popularren arteko hitzarmenak. 200dik gora kidek osatzen dute organo hori, eta ostiralean eginen du bilera, Espainiako hauteskundeetarako akordioa eztabaidatzeko.
Nafarroako Gobernua «krisian» jartzea egotzi dio Jimenezek UPNri
PSNko idazkari nagusiak erran du koalizio gobernu batean konfiantza funtsezkoa dela eta Barcinak konfiantza «hautsi» egin duelaJimenezen hitzetan, Barcinak PP sartu nahi du Nafarroako Gobernuan, «atzeko atetik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu