Nafarroako osasun sistemak ez du inor arretarik gabe utziko, Marta Vera Osasun kontseilariaren hitzetan. Parlamentuan agerraldia egin du gaur Verak. Ukatu egin du etorkinei osasun arreta ukatzen dietela Nafarroan.
Osasun arreta ordaintzeko baliabiderik ez duten paperik gabeko etorkinentzako diru laguntza sail bat abian jarri du gobernuak, Verak oroitarazi duenez.
Urri bukaeran edo azaro hasieran abiatuko dute sistema hori, eta bitartean etorkinei arreta bermatzen ari direla adierazi du Verak.
Bilduk, NaBaik, PSNk eta Ezkerrak eskatuta egin du agerraldia Verak, Osasun batzordean.
"Krisiaz baliatuta" gobernuak "neurri xenofoboak" hartu dituela aurpegiratu dio NaBaiko parlamentari Asun Fernandez de Garaialdek Verari.
Osasuna, ordaindu dezaketenentzat, "luxua" dela orain salatu du Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak: "Eta limosna bat pagatu ezin dutenentzat".
Ezkerrak gobernuko kideei esan die Nafarroan badirela nahikoa eskumen etorkinei orain arteko arreta bera ematen jarraitzeko.
Osasun arloa pribatizatzeko asmoak dituela leporatu dio PSNk UPNri.