Nafarroako Gobernuak auzitara joko du Ultzamako biogas plantaren arduradunen aurka

Azpiegituraren finantzaketan eta diru laguntzetan irregulartasunak antzeman dituela adierazi du Uxue Barkosen gobernuak.

Kontuen Ganberako buru Asun Olaetxea, Ultzamako plantari buruzko txostena parlamentuan aurkezten. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2017ko irailaren 6a
08:30
Entzun

Nafarroako Gobernuak auzitara joko du Ultzamako biogas plantaren arduradunen aurka, "proiektua diru laguntza publikoekin finantzatzeko garaian izandako jokabideak delitu edo lege-urratze zibilak izan ote ziren jakiteko".

Izan ere, "irregulartasun ugari" antzeman ditu gobernuak plantaren finantzaketa publikoaren txostenetan. Zehazki, diru laguntzen iruzur, dokumentuen faltsutze, diru publikoen erabilera bidegabe, prebarikazio eta iruzur delituen zantzuak aurkitu dituzte: "Departamentuen espedienteak eta Kontuen Ganberak eginiko txostena aztertuta, Nafarroako Gobernuak ulertzen du finantzaketa bikoitza egin zela biometanizazio plantaren eraikuntzan".

Zehazki, gobernuaren ustez, proiektuaren kostua baino 1.138.837,78 euro gehiago ordaindu zituen enpresak. "Kontuen Ganberaren txostenaren arabera, kontratazio publikoko araudia era larrian urratu zuten Ultzamako Udaleko arduradunek, eta fakturazio bikoitza antzeman zuten biogas plantaren eraikuntzan".

Nafarroako Legebiltzarrean ere, abian da Ultzamako biogas plantari buruzko ikerketa batzordea. Datozen asteetan hasiko dira arduradun politikoen agerraldiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.