Parlamentuak astelehenean bat egin zuen, eta orain Nafarroako Gobernuak. "Asteleheneko agiria irakurri ondotik, herritarrei bat egitera deitzen diegu", adierazi du gaur Maria Solana Gobernuko eledunak.
Larunbateko manifestazioa Golem zinema aretoetatik hasiko da 17:30ean, eta Gazteluko plazan amaituko da. Solanaren arabera, "neurritasunaren printzipioarekiko errespetua aldarrikatuko dute" bertan. Solanaren arabera, neurritasun horretatik kanpo daude orain arteko erabaki judizialak. Hala nola, bada ez badako espetxealdian 500 egun baino gehiago daramate hiru gaztek. "Horrek aurrez aurre talka egiten du neurritasun printzipioarekin".
Solanak gaineratu du pertsona, eragile eta erakunde ugarik, "baita europarrak ere", bat egiten dutela ikuspuntu horrekin. "Ahal dugun neurrian eta eskubideak bermatu behar ditugun heinean, uste dugu, erkidegoko erakunde nagusi moduan, larunbateko aldarrikapen horretan egon behar dugula", azpimarratu du.
Gobernuaz gain, bestelako babesak ere jaso ditu larunbat honetan egingo den protestak, besteak beste, sindikatuena eta Iruñeko peñena.
Epaiketa astelehenean hasiko dute Madrilen. Fiskalak sei auzipeturentzat 50 urteko espetxe zigorra eskatu du; 62 urte eta erdikoa eskatu du zazpigarrenarentzat eta 12 urte eta erdikoa zortzigarrenarentzat. Terrorismo delitua egozten diete, 2016ko urrian, taberna batean, bi guardia zibilekin izandako liskarrengatik.