Hezkuntza

Nafarroako Gobernuak berretsi du ikasturtea errepikatzea «salbuespenezko neurria» izango dela

Oraindik ministro aginduaren zain daude, eta edukiak ez aurreratzea gomendatu dute. Jakinarazi dute Nafarroako 6.969 ikaslek ezin dutela etxetik ikasi

Carlos Gimeno, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 17a
13:32
Entzun

Ikasturtea errepikatzeak «inoiz baino salbuespenezkoagoa» izan beharko lukeela esan du Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak gaur goizean eman duen prentsaurrekoan. Errepikapenak ohiko baldintzetan baino gutxiago izango direla zehaztu du, eta neurria «ikaslearen onerako» denean hartuko dela. Azken ikasturteetako datuei erreparatuta, Nafarroako Lehen Hezkuntzako ikasleen %3k errepikatzen dute, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako %7 inguruk.

Ekainaren 19an ikasturtea amaitu arte landu beharreko edukiez ere aritu da Gimeno. «Apustua da arreta ikasleengan eta familiengan jartzea, eta ez hainbeste curriculumean eta hura aurreratzean». Esan du hirugarren ebaluazioan ebaluatzeko edukiak «mugatu» egin behar direla «curriculuma inausiz, oinarrizkoan geratu dadin». Nabarmendu du administrazioaren jarraibideak beharrezkoak direla horretarako, eta ziurtatu du Espainiako Hezkuntza Ministerioaren ministro agindua argitaratzen denean emango dituztela. Gainera, hori iritsi bitartean edukiak ez aurreratzea gomendatu du, eta hirugarren ebaluazioa «ezinbesteko konpetentzien errefortzurako, errekuperaziorako, errepasorako eta errefortzurako» izango dela zehaztu.

Nabarmendu du ikasleek ez dutela koronabirusarengatik ikasturtea galduko, baina badaki batzuk zailtasun gehiago edukitzen ari direla eskolak digitalki hartzeko. Zenbaki zehatza ere eman du: Nafarroako ikastetxe publikoetako 6.969 ikaslek ezin dute etxetik ikasi. Hain zuzen, 3-6 urteko etapan 1.521 daude, Lehen Hezkuntzan 3.750, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 1.200, Batxilergoan 107, oinarrizko heziketa zikloetan 87, erdi mailako heziketa zikloetan 166, eta goi mailako heziketa zikloetan 138. Arrakala digitala murrizteko, materiala eskuratzen ari dira, eta dagoeneko 1.500 ekipamendu erosi dituzte, eta Gimenok iragarri du beste bi erosketa ere agindu dituztela –bat 800 ordenagailukoa eta beste bat 5.000 ordenagailukoa–.

Egungo ikasturtea hurrengoarekin lotzea

Egungo ikasturtea eta hurrengoa lotzea da Nafarroak egin dituen proposamenetako bat. Esan du curriculumak diseinatuko liratekeela datorren ikasturtean aurrez aurre egokitzapen guztiak egiteko moduan. Egokitzapen horretatik kanpo egongo lirateke DBH4. maila, 2. Batxilergoa, heziketa zikloetako bigarren urteak eta goi mailako ikasketa artistikoetako azken urteak. Uztailean behin-behineko ebaluazio bat ezartzea proposatu dute, 2021eko uztailean behin betiko bihurtuko litzatekeena, baina erantsi du ministro aginduaren zain egon behar dutela. «Oinarrizko dokumentuan, badirudi ministerioak ikasturtea ixtea gomendatzen duela. Ikusiko dugu nola ezartzen den, zer egiten dugun eta nola zehazten dugun». Kontseilariak iragarri du datorren ikasturtean 2.000.000 euro inbertituko direla profesional espezializatuetan eta eskolaz kanpoko errefortzuan eta laguntzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.