Birziklatu ezin diren hondakinentzat errauste planta bat egitea arbuiatu du Nafarroako Gobernuak. Erabaki horrek aldaketa dakar 2010eko hondakinen kudeaketa planari dagokionez. Plan horren arabera, errauste planta "aukera errealista bakarra" da Europako Batasunaren gidalerroei jarraitzeko. Hala jaso du gaur Diario de Navarra egunkariak.
Roberto Jimenez gobernuko presidenteorde eta PSNko idazkari nagusiak esan du "aukera ekonomikoagoak, gutxiago kutsatzen dutenak eta gizartearen ezezkoa jasoko ez dutenak" ikertzen ari direla.
Administrazio publikoen sailak aurreratu du legedi bat prestatuko dutela, zehazteko errauste planta ez dela "alternatiba bat"; horrela, Nafarroako mankomunitateak "beste bide batzuk bilatzera" behartuko lituzkete.
300 milioi euroko kostua izango luke errauste plantak, administrazio publikoen sailaren arabera. "Kontuan ditugun bestelako aukerek ez dute halako kosturik", esan du Jimenezek. Errauste planta ez egiteko aukera Nafarroako Gobernuari aurkeztu dio Jimenezek, eta badirudi Yolanda Barcina lehendakariak oniritzia eman diola.
Gipuzkoan aurrera jarraitzen dute planta egiteko lanek, Donostian, Zubieta auzoan. Aurreko legealdiko foru gobernuak jarri zuen abian egitasmoa.