CEAR Errefuxiatuak Laguntzeko Espainiako Batzordearekin sinatutako akordioari esker 50 errefuxiatu gehiago hartu ahal izango dituzte Nafarroan. CEAR Nafarroan sortu arte, Gurutze Gorriak bakarrik zituen funtzio horiek.
Laparraren esanetan, Nafarroako Gobernuak “behin eta berriz” eskatu dio Espainiako Gobernuari errefuxiatuen lekualdatzeko prozesua “bizkortu” dezan, arazoaren aurreran emandako erantzuna “ez delako egoeraren larritasunaren araberakoa izan”. Hori ez ezik, aldarrikatu du errefuxiatuak hartzeko politikak sortzerako orduan autonomia erkidegoek presentzia handiagoa izan behar dutela: “Asilo eskaeren eta errefuxiatuak hartzeko prozesua hobetzeko, politika horien deszentralizazioa behar da”. Espainiako Gobernu berriaren osaketa ere aprobetxatu du, “ beste behin Nafarroa errefuxiatuak hartzeko presta dagoela azaltzeko”.
Nafarroan egin diren harreren eta integrazioen prozesuak ebaluatzea ere “ezinbestekotzat” jo du Laparrak. Hori horrela, azaldu du Eskubide Sozialen Departamentuak ebaluazio hori “Iruña ciudad de acogida” plataformarekin, CEARekin eta Gurutze Gorriarekin noizbehinkako bilerak izanez egingo duela. Hortaz aparte, Gurutze Gorriarekin eta CEARekin batera Nafarroan jasotako errefuxiatuen beharrak bermatzeko protokolo bat egiten ari direla baieztatu du. Ebaluazioan, Nafarroan errefuxiatutako pertsonen iritzi biltzea ere nahi du Eskubide Sozialen Departamentuak.
Estrella Galan CEAReko zuzendari nagusia pozik eta Nafarroako Gobernuari oso eskertuta azaldu da sinatu duten akordioarekin. Galanek esan du Nafarroa autonomia erkidego solidarioenetako bat izan dela errefuxiatuen aferarekin, eta akordio honek hori berresten duela. Asilo eskubidea “inalienablea" dela nabarmendu du eta Europako estatuen “axolagabekeria” kritikatu. Hortaz aparte, Galanek azaldu du CEAR Nafarroara orain iritsi dela, “lehen errefuxiatuak soilik mugetara, lurrekoetara, urekoetara edo aireportuetara, iristen zirelako”. Nafarroan, hamahiru pertsonako lantaldea osatuko dutela adierazi du, eta horietatik bakarren bat errefuxiatua izandakoa izatea gustatuko litzaiokeela. Nasubinsak utziko dizkien etxe horiek ere “ahal bezain pronto” prestatzea behar dela nabarmendu du.