Politika

Nafarroako Gobernuak eta PSNk 2008ko aurrekontuei buruz akordioa lortu dute

UPNk eta sozialistek denbora zeramaten negoziatzen. Gaur goizean eman dute hitzarmenaren berri Sanzek eta Chivitek, eta honek "gizarte gaietan aurrerapena" egin dutela nabarmendu du. Lehendakariak dio akordioak "seguruenik jarraipena" izango duela hurrengo urteetan. Nafarroa Bairen ustez, UPNren "makulu" bihurtu da PSN.

2007ko abenduaren 14a
19:01
Entzun
Gaur goizean jakin denez, Nafarroako Gobernua (UPN eta CDN; ez dute gehiengo osoa) ados jarri da PSNrekin 2008. urteko aurrekontuei buruz, eta hitzarmena egingo dute. 11:00etan prentsaurrekoa eman dute horri buruz Miguel Sanz Gobernuaren lehendakariak eta Carlos Chivite PSNren idazkari nagusiak.

Sozialistek jakinarazi dute "gizarte gaietan aurrerapenak" egin eta arlo horretan aurrekontuetan 60 milioi euroko gehikuntza lortu dutela. Beste 40 milioi euroko igoera ere lortu du PSNk, berak azpimarratu duenez.

Sanzek adierazi du "politikoki" garrantzia daukala hitzarmenak, "eta seguruenik hurrengo urteetan jarraipena izango du".

2008ko aurrekontu proiektua Parlamentuan dago azaroaren 28tik. Alderdiek abenduaren 19ra arteko epea dute zuzenketak aurkezteko, eta dagoeneko hitzarmena lotu dute UPN-CDNk eta PSNk. Denbora pixka bat bazeramaten negoziatzen. Orain dela pare bat aste, kasu, UPNk eta sozialistek akordio baten berri eman zuten: SOVI alargun pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatuko dituztela.

Carlos Garcia Adanero UPNren kidearen ustez, Gobernuak "ondo" jokatu du, eta logikotzat jo du aurrekontu zirriborroa PSNri soilik aurkeztea, honek Miguel Sanzen lehendakari inbestidura ahalbidetu zuelako. Roberto Jimenez PSNren bozeramaileak zioen ez zirela ari CDN eta UPNrekin negoziatzen, "Nafarroako Gobernuarekin baizik".

Nafarroa Bairen ustez, UPNren "makulu" bihurtu da PSN, eta NaBai bera da gaur egun Parlamentuko "oposizio bakarra".

UPNk 22 eserleku ditu Parlamentuan, CDNk bi. Oposizioan, Nafarroa Baik hamabi, PSNk hamabi eta NEBek bi. EAE-ANV baliogabetu egin zuten Espainiako auzitegiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.