Nahiz eta Europako Batzordeak txosten batean ohartarazi duen ETB Nafarroan hedatzea herrialdeko gobernuaren betebeharra dela, Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak azaldu du Eusko Jaurlaritzari dagokiola horretarako dirua jartzea. "Jaurlaritzarekin itun bat sinatua dugu [EITBren seinalea Nafarroan harrapatzeko], eta Jaurlaritzak hartu behar du [baliabideak jartzeko] ardura. Ez guri leporatu beste gobernu batek ordaindu behar duena", esan du Barcinak gaur, Iruñean.
Berretsi du, beraz, Nafarroako Gobernuak ez duela jarriko dirua. "Horrenbeste doitze ekonomikoren garai hauetan, nafarren euro guztiak begiratzen ari garenean, guk ez dugu [seinalea hedatzeko] ordainduko; Jaurlaritzari dagokio".
Hedabideen eskaintzaren arloan, Hizkuntza Gutxituen Ituna urratu egiten du Nafarroak, Europako Batzordearen arabera. Besteak beste, Euskalerria Irratiari lizentziarik ez emanda. Hala, euskarazko irrati bat ere bermatzeko eskatu dio Europak. Barcinak, ordea, ez du uste ezer ilegalik egiten duenik bere gobernuak. "Guk beti beteko dugu indarrean den legedia, eta horren arabera emango ditugu adjudikazioak. Hori egin du beti Nafarroako Gobernuak".
Europako estatu kideek Hizkuntza Gutxituen Itunaren konpromisoak betetzen dituzten aztertzen du Europako Batzordeak aldian-aldian. Espainiako Gobernuak 1992an sinatu eta 2001ean berretsi zuen itun hori. Harrezkero, bi txosten eginak zituen Europak; hirugarrena argitaratu zuen atzo, eta hainbat eskakizun egin dizkie Nafarroako eta Espainiako gobernuei, euskararen erabilera bermatzeko. Esaterako, Justizian eta estatu administrazioan ere euskara gehiago erabiltzeko urratsak galdegin ditu.