Ibarretxe proposamena

Nafarroako Gobernuak helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean

Nafarroako Gobernuak helegitea aurkeztu du Ibarretxe proposamenaren aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, "Nafarroaren eskumenak eta Espainiako Konstituzioa urratzen" dituela argudiatuta. Horrez gain, beste helegite bat aurkeztuko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Bietan Ibarretxeren egitasmoa bertan behera uzteko eskaera egingo du UPNko gobernuak "argi uzten duelako autonomi erkidego baten parte hartzea beste baten eskumenetan", Alberto Catalan (UPN) Nafarroako Gobernuko bozeramaleak adierazi duenez. Eusko Jaurlaritzarentzat, aldiz, helegiteak "zatiketa, enfrentamentua eta krispazioa" sortu nahi ditu Miren Azkarate bozeramaleak azaldu duenez.

2004ko urtarrilaren 20a
16:00
Entzun
Miguel Sanzen Gobernuak epaitegietara eraman du EAEko lehendakaria Juan Jose Ibarretxeren estatutu berrirako proposamena.Arrazoia, UPNko gobernuarentzat, egitasmoak Nafarroaren eskumenak urratzen dituela. Alberto Catalan bozeramalearentzat, "Nafarroa aipatzen duenean Eusko Jaurlaritzak batere zilegitasunik gabe, bere gain hartzen du nafarren eta bertako erakundeen ordezkaritza" etabere esanetan, Jaurlaritzak "ez du eskumenik nafarrek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela adierazteko".

Epaitegietara jotzeko beste argudioa Espainiako Kontituzioaren 145. artikulua urratzen duela da. "Nafarroak eta EAEk, bietako erakundeek erabakiko dute beraien arteko harremana" dio proposamenak.Catalanek, ordea, Espainiako Konstituzioa gogora ekarri du, "erabaki horiek Espainiako Gobernuaren oniritzia" behar dutela esanez.

Azkenik, Nafarroako Gobernuari dagokiolako aurkeztu duela helegitea aipatu du Catalanek, baina gaineratu du, bere asmoaren berri eman diela Juan Cruz Alli, CDNko buruari eta Juan Jose Lizarbe PSNkoari, auzi honetan "babes osoa" azaldu ziotelako UPNko gobernuari.

Eusko Jaurlaritzaren iritzia

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, Ibarretxeren egitasmoak"errespetu osoa die nafarrei eta Nafarroari", Miren Azkarate bozeramaleak adierazi duenez. Azkaratek EAErako estatutu berrirako proposamenak Espainiako Konstituzioa urratzen duela ukatu du. "Eusko Jaurlaritzak ez du uste irainik eta Konstituzioaren aurkako ezer dagoenik herritarrek zer nahi duten esatearekin eta gu borondate hori errespetatzeko prest gaudela aipatzearekin". Azkarateren aburuz, halako helegiteak aurkezteak zera dakar:"Irteerarik ez ematea, ez herri honi, ez nafarrei eta ez gizarteari".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.