Hedabideak

Nafarroako Gobernuak hutsetik hasi nahi du irrati lizentziak emateko prozesua

Euskalerria irratiaren arduradunek epaia bete eta lizentzia emateko eskatu dute Nafarroako Parlamentuan.

Euskalerria Irratiaren estudioa. IKER TUBIA
Arantxa Iraola - Jon Rejado
2014ko otsailaren 4a
18:47
Entzun

Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Kultura kontseilariak jakinarazi du Nafarroako Gobernuak irrati lizentzien adjudikazioa hutsetik hasiko duela. 1998an NET21 eta Radio Universidad irratiei eman zizkien bi lizentziak baliogabetu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak. Orduko prozesuan Euskalerria irratiak lortu zituen puntu gehien lehiaketaren lehen fasean, baina Nafarroako Gobernuak ez zion lizentziarik eman. 

Auzitegi Goreneko epai batek bi irrati lizentziak "legeak agindutakoaren arabera" adjudikatzeko agindu dio Nafarroako Gobernuari, eta, hori egiteko, Sanchez de Muniainek ezinbestekotzat jo du prozesua hutsetik hastea. Azken hamabost urteetan legedia, baliabide teknologikoak eta egoera ekonomikoa ”errotik” aldatu direla argudiatu du. Irrati lizentziak beste modu batean banatzea legearen kontra egitea litzatekeela nabarmendu du, eta Nafarroako Gobernuak prozesua ”prestasunez, gardentasunez eta legea betez” egingo duela gaineratu du. Horretarako gobernua 1999an aurkeztu ziren 24 enpresekin harremanetan jarriko da esleipena hutsetik hasteko.

Oposizioko taldeek Nafarroako Gobernuaren jokabidea gogor kritikatu dute. Irregulartasunek hamabost urtez iraun dutela oroitarazi dute, eta gobernuari leporatu diote hori zuzentzeko ”prestasunik” erakutsi ez izana. Horrez gain, prozesua hutsetik hasiz gero ”lehen mailako gatazka juridikoa” sor dezakeela jakinarazi diote.

Epaitegiek hiru aldiz bota dute atzera Nafarroako Gobernuaren irrati lizentzien banaketa. 2005ean garai hartako Nafarroako Gobernuko Komunikazio zuzendari nagusi Angel Sanz Bareak gaizki jokatu zuela ebatzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Izan ere, kontratazio mahaiak baloratu gabe utzitakoa bere kabuz baloratu zuen Sanz Bareak, eta, ondorioz, Net 21 taldeari eta Nafarroako Unibertsitateari eman zizkieten Iruñerrian banatzeko zeuden bi lizentziak. Ordura arte lehiaketako lehen postuan zen Euskalerria irratia, berriz, baimenik gabe gelditu zen.

Epaileen aginduz, beraz, irratiak banatzeko lehiaketaren bigarren fasea indargabetu, eta berriz egin behar izan zuten. 2006. urtean egin zuen Nafarroako Gobernuak, bigarrenez, bigarren fase hori. Balorazioa egiteko ardura, aldi horretan, Doxa izeneko enpresa pribatuaren esku utzi zuen gobernuak. Berriz ere, Net 21 eta Nafarroako Unibertsitatea izan ziren garaile.

Eta, berriz ere, erabaki haren aurkako helegitea aurkeztu zuen Euskalerria irratiak. Balorazioa Doxaren esku uztea «irregularra» zela salatu zuten irratiko arduradunek. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bat egin zuen Euskalerria irratiarekin, 2009. urtean, eta arrazoia eman zion bigarrenez. Erabaki horren aurka helegitea aurkeztu zuten Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitateko irrati kateak. Helegite horien inguruan ebatzi du urtarrilean Espainiako Auzitegi Gorenak, eta Nafarroako epaileek bezala, argi utzi du auzitegi horrek ere prozesua ez zela zuzena izan, eta, ondorioz, bertan behera utzi du lizentzien banaketa.

"Oso erraza da; epaia bete behar da"

Euskalerria Irratiko ordezkariek lizentzia emateko eskatu diote Gobernuari, eta ez duela ondo jokatu aitortu behar duela esan dute gaur Nafarroako Parlamentuan: "Eta bere jarduteko era zuzendu behar du". Hala adierazi dute gaur goizean, Mikel Bujandak eta Sara Ripodasek. Bildu eta Aralar-NaBai alderdien eskariz mintzatu dira legebiltzarkideen aurrean, lizentziarik gabe daudela salatzeko, eta, kontrara, Nafarroako Gobernuak emandako beste hainbat lizentzia —NET21 eta Radio Universidad irratienak— Espainiako Auzitegi Gorenak ezeztatu egin dituela oroitarazteko.

Auziak konponbide erraza duela adierazi du Bujandak, aski dela epaiak dioena konplitzearekin. "Borondatea behar da horretarako". Ez dela hutsetik abiatu behar esan du; 1998an lizentzia eskea egin zuten irratien balorazioa egin zela esan du, eta Euskalerria irratia guztietan lehena izan zela. Prozesuan "atzeratzeek, presek eta obskurantismoak" trabak jartzerik ez dutela nahi nabarmendu du, gobernuak argudia ditzakeen eragozpenekin kezkatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.