Errefuxiatuen egoerarekin kezkatuta, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du ACNUR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariarekin harremanetan jarri dela, zuzenean Libanotik edo beste herrialde batzuetatik errefuxiatuak ekartzeko. Espainiako Gobernuaren bidez hel daitezkeen errefuxiatuei ere harrera egiteko prest agertu da gobernua.
Ohar batean, nabarmendu du "erantzukizuna" hartu behar dutela erakunde guztiek, eta Nafarroako Gobernua prest dagoela horretarako. Nafarroara iritsitako pertsonei behar bezalako zerbitzua emango dietela azaldu du, eta hori bideratzeko harremanetan jarria dela herrialdeko elkarteekin. Bidenabar, kritikatu egin du Europako herrialde batzuen jarrera, bereziki Espainiarena, "konpromiso" gutxi daukatelakoan.
Agerraldi bat egin dute ondoren Uxue Barkos gobernuko presidenteak eta Miguel Laparra presidenteordeak. Barkos: "Nafarroak errefuxiatuen krisiari erantzun bat eman nahi dio. Ezin gara mugatu gustatzen ez zaiguna kritikatzera; irtenbideak topatzeko eragile aktibo izan behar dugu".
Laparrak eman ditu xehetasunak. Nafarroak 59 eta 323 errefuxiatu artean hartuko lituzke; "heltzeko moduko" kopurua, haren esanetan: "Kontua ez da Nafarroan errefuxiatu eremu bat sortzea, datozenean bizi-baldintza duinak bermatzea baizik".
Azpimarratu du, oro har, errefuxiatuen egonaldia behin-behinekoa dela, jatorrizko herrialdeetako gatazkak irauten duen bitartekoa. Elkartasunerako deia egin die herritarrei, errefuxiatuak hartzea "zeregin kolektiboa" dela argudiatuta. Gainera, Espainiako Gobernuari eskatu dio errefuxiatuak hartzerakoan "tratuetan" ez aritzeko.
Jaurlaritzaren lantaldea
Nafarroako Gobernua ez da errefuxiatuak hartzeko prest agertu den erakunde bakarra. Eusko Jaurlaritzako iturriek Europa Press agentziari adierazi diotenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa "solidario" izango dira eta "egoera humanitarioak eskatzen duen tamainako erantzuna" emango dute.
Ildo horretan, Jaurlaritzak lantalde bat osatu du auziari heltzeko, eta harremanetan jarri da Espainiako Gobernuarekin, hark zein konpromiso hartu dituen jakiteko. Jaurlaritzako Kanpo Ekintza eta Bake eta Elkarbizitzako idazkaritza nagusiekin batera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak osatu dute lantaldea. Halaber, talde hori harremanetan da Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako diputazioekin, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko udalekin eta Eudelekin.
Horren inguruko azalpenak eman ditu Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Uste du Europako Batasunak "elkartasuna eta herrialde horien garapenerako laguntza" uztartu behar dituela, eta beharrezkotzat jo du "larrialdi humanitarioari modu kolektiboan" ematea arreta, "arazoa konpontzeko jatorrizko herrialdeetan ere lan eginez".
Erakunde gehiago
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du errefuxiatuei laguntzeko erantzun "bateratu, koordinatu eta osoa" emango duela, Jaurlaritzarekin, udalekin eta hirugarren sektorearekin elkarlanean, errefuxiatuen harrera "modu antolatu eta ordenatuan kudeatzeko". Aldundiak “erabateko gertutasuna” erakutsi die Siriako gerratik ihesean datozen errefuxiatuei, eta ziur agertu da, “oraingoan ere gipuzkoarrek behar bezala” erantzungo dutela, “elkartasuna baita gure lurraldearen ezaugarrietako bat”.
Aurrez Iruñeko eta Eibarko udalek egin bezala, Gasteizkoak ere jakinarazi du prest dagoela horretarako. Horren alde agertu dira Arabako hiriburuan EAJ, EH Bildu, PSE, Gehituz eta Irabazi; PPk ez du bere iritzia eman. Gorka Urtaranek gaur egin du proposamena, baina neurririk ez du oraindik zehaztu, beste taldeekin hitz egin arte.
Gaineratu du Urtaranek beste erakundeen laguntza ere beharko dela, eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiarekin aztertu du Arabako Larrialdietarako Funtsa erabiltzea. Europa Press albiste agentziaren arabera, 92.000 euro daude funts horretan. Gasteizko Udalak une honetan hamar familia har ditzakeela azaldu du, baina prest agertu da beste hiri batzuetan proposatu duten bezala errefuxiatuak hartzeko prest dauden familien zentsu bat egiteko.
Donostiako Udalak "disposizio osoa" azaldu du gaiari "ahal den neurrian erantzun ahalik eta egokiena" emateko. Hala ere, Aitziber San Roman zinegotziak adierazi du udalak ezin duela hori bakarrik egin eta Jaurlaritzarekin eta aldundiekin koordinatuta hartu behar dituztela neurriak.
PSEk, bestalde, iragarri du alderdi horrek gobernatutako herriek ere errefuxiatuak hartuko dituztela; Iruña Oka, Ermua, Irun, Zumarraga, Eibar, Portugalete, Lasarte eta Pasaian daude PSEko alkateak.