2012rako aurrekontu proposamenean jasota daudenak betetzen badira, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideentzako zituen diru laguntzak ezerezean geratuko direla adierazi dute Nafarroako euskarazko hedabideek eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak gaur, Iruñean egindako prentsaurrekoan. Goizean bilera izan dute Euskarabideko buruarekin eta hurrengo urteeetako etorkizuna "beltza" dela iragarri die.
Hedabideek eta Topaguneak esan dute berriki jakin dutela 2012ko aurrekontuetatik erabat desagertuko dela hedabideetan euskara sustatzeko diru partida. Gainera, 2011ko bigarren epealdiko laguntzak desagertzeko arriskua dagoela jakinarazi dute. Hilaren hasieran Nafarroako Gobernuak zioen aurtengo laguntzaren bigarren epealdian hasieran esleitutako kopuruan %20 eta %37 bitarteko murrizketak egingo dituela, baina goizeko bileran murrizketa erabatekoa izan daitekeela iragarri du Euskarabideak.
"Diru laguntza horiek beti egon dira gutxieneko mailatik oso behera, baina urteroko murrizketen azken kapitulua egin nahi dute gobernuko arduradunek, euskarazko hedabideek zuten babes urriegia guztiz desagertaraziz", esan dute Nafarroako euskarazko hedabideek eta Topaguneak. Halaber, azaldu dute zailtasun "larriak" izango dituztela konprometitutako gastuei aurre egiteko.
"Erabakia politikoa da"
Haien esanetan, ez dago diru eskasiarik eta "erabakia politikoa da". Adibidez, Nafarroan emititzen duten hiru telebista pribatuen artean 3.000.000 euro banatu izan ditu gobernuak urtero azken urteetan, eta 2012 urteko aurrekontu proposamenean 2.450.000 euro aurreikusiten ditu haientzat. Bitartean, euskarazko hedabide guztien artean, "urterik onenean", 300.000 euro banatu izan direla salatu dute Topaguneak-eta, eta 2012rako "0 euro banatzea" aurreikusten dela. Baldintza horietan euren jarduerarekin segitzeko aukerak "zeharo trabatuak" dituzte.
Horrela, alderdiei eskatu diete 2012ko aurrekontuetan berrezar dezatela hedabideetan euskara sustatzeko diru laguntza, eta ekonomikoki "duina" izan dadila. Asteartean bukatuko da aurrekontu proposamenean zuzenketak egiteko epea. Dagoeneko bilera izan dute NaBai, Bildu eta Ezkerrarekin zuzenketak gauzatzeko, eta jakinarazi dute PSNrekin biltzekotan direla. Arartekoarekin ere harremanetan jarri dira. Abenduaren 16an ezohiko bilera izango da parlamentuan.
Ez babes ekonomikorik, ez aitortzarik
Elkarteek eta Topaguneak gaineratu dute babes ekonomiko ezari "aitortza eza" gehitu behar zaiola: "Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak ikusezin bihurtzen ditu, ez ditu berdintasunean tratatzen ez informazioari dagokionez eta ez publizitate euskarri moduan".
"Euskarazko hedabideok kontsumituenak gara presentzia dugun eskualde guztietan. Hala ere, Nafarroako Gobernuak ez gaitu kontuan hartzen. Bigarren mailako herritarrentzako bigarren mailako hedabidetzat hartzen gaitu". Hitz horiekin adierazi dute, hedabideak ekonomikoki "itolarrian" uzteaz gain, kaltetuak nafar herritarrak izango direla, "informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea ukatzen zaielako".