Fratziaren erabakia irmoa da. Bi hartz askatuko ditu datozen asteetan mendebaldeko Pirinioetan, Biarno parean (Okzitania). Neurria atzeraezina dela ziurtatu du Thierry Vatin Frantziako Ur eta Biodibertsitate zuzendariak. Nafarroako Gobernuak kezka agertu dio Vatini, hartzak Piriniotan askatzeak izan ditzakeen ondorioengatik eta erabakiari buruz jaso duten informazio urriarengatik. Hala jakinarazi dio Eva Garcia Balaguer Nafarroako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa zuzendariak, gaur egin duten bileran. Bilkuran izan dira Javier Cachon Espainiako Biodibertsitate zuzendaria eta Kataluniako eta Aragoiko gobernuetako ordezkari bana ere.
Vatinek aintzat hartu ditu Nafarroako Gobernuaren kezkak, eta hitzeman du hartza Pirionioetan txertatzeko planaren gaineko informazio xehetua bidaliko duela Iruñera. Horrez gain, Frantziako eta Nafarroako gobernuen arteko bitariko bilera egitea ere eskaini du.
Dena den, argi utzi du Frantziak aurrera egingo duela planarekin eta hartzak urriko lehen hamabostaldian helduko direla Biarnora. Jakinarazi duenez, aditu talde bat Esloveniara joana da dagoeneko, hartzak basoan harrapatu eta horiek Frantziara lekualdatzeko.
Nafarroako Gobernuak salatu du Frantziaren asmoen gaineko informazio faltak ez diola denborarik tarterik utzi hartzaren itzulerak sor ditzakeen arazoei begirako baliabideak prestatzeko. Garcia Balaguerrek nabarmendu duenez, Nafarroako Pirinioak jendez hustutako ingurunea da, biztanleria nukleo txikiak dituena eta abeltzantza estentsiboak pisu handia du inguru horretan. "Gure apustua gure lurraldearen biodibertsitatea mantentzea eta aberastea da. Horretarako, biztanleria behar dugu landa eremuan. Biztanleria horrek eremua mantentzen laguntzen du abeltzantza estentsiboaren gisako jarduera garrantzitsuekin. Gure anbizioa da natura eta landa garapena lotzea, eta presak ez digu horretan laguntzen".
Nafarroako Gobernuko ordezkariak kritikatu du Frantziak erabakia hartu ondoren eman diela bere asmoen berri. "Ez gaude hartze Pirionioetan sartzearen aurka, baina gai oso sentibera da. Izan ditzakeen ondorio guztiak kontuan hartzea eskatzen du eta horiek bermeekin kudeatzea".
Hartzek ganaduari sor diezaioketen kaltea da Nafarroako Gobernuaren kezka nagusia. Bereziki, Erronkariko haranak arduratzen du gobernua, hura baitago Biarnotik gertuen. Horrez gain, abeltzantza estentsiboa "ingurumenarentzako eta aranaren garapenerako funtsezko" dela nabarmendu du Garcia Balaguerrek.