Euskara

Nafarroako Gobernuak lan eskaintza publikoetan handitu egin nahi du euskararen puntuazioa

Foru dekretuaren zirriborroak eremu euskaldunean euskara %6 eta 10 artean baloratzea proposatzen du eta eremu mistoan %3 eta 6 artean. Nafarroako Euskararen Kontseiluari bidali dio egitasmoa, eta honek hilaren 23an egingo du bilera.

2008ko irailaren 3a
16:20
Entzun
Lan eskaintza publikoetan euskararen puntuazioa zerbait handitu ahal izateko asmoz, foru dekretuaren zirriborroa egin du Nafarroako Gobernuak, eta Nafarroako Euskararen Kontseiluari bidali dio, azter dezan.

Egitasmoak eremu euskaldunean euskara, jakitea derrigorrezkoa ez den kasuetan, %6 eta 10 artean baloratzea proposatzen du eta eremu mistoan %3 eta 6 artean, betiere lanpostuen arabera. Administrazio publikoko lanpostuei eragingo lieke aldaketak, Hezkuntza Sailekoei salbu.

Gobernuko Presidentzia, Justizia eta Barne sailek egin dute zirriborroa. Efe berri agentziak dioenez, Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuak "orokorrean balorazio ona" egin du eta Euskararen Kontseiluari txostena bidali dio. Euskarabidearen arabera, aurreko dekretuarekin alderatuz euskara erabiltzeko aukera zabaldu egingo da, eremu euskaldunean ez ezik, mistoan ere meritutzat joko delako euskara.

Nafarroako Euskararen Kontseiluak hilaren 23an egingo du proposamena aztertzeko eta baloratzeko bilera, eta bertako kideek 15era bitartean emendakinak aurkezteko aukera edukiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.