Hedabideak

Nafarroako Gobernuak lizentzia gabe utzi du berriro Euskalerria Irratia

Iruñerriko Euskalerria Irratia lizentzirik gabe da berriro ere. 1998an egindako lizentzia banaketa bertan behera utzi zuten auzitegiek, kontratazio mahaiako buru Angel Sanz Bareak bidegabe jokatu zuela iritzita. Berriro egin du lizentziak banatzeko azterketa kontratazio mahaiak, berriro ere epaileek gaitzetsitako Sanz Barea buru zuela, eta, berriro ere, Euskalerria Irratia lizentziarik gabe utzi du. Berriro ere Nafarroako Unibertsitateari eta otsailean porrot ekonomikoagatik itxi zuten Net21 irratiari eman diete lizentzia.

2006ko apirilaren 10a
14:50
Entzun
Nafarroako Gobernuak eguerdian eman du kontratazio mahaiaren erabakiaren berri. Azterketa berriaren arabaera, Nafarroako Unibertsitateko irratiak 83,34 puntu lortu ditu lehiaketan; duela denbora bat ezintasun ekonomikoagatik itxitako Net21ek 75,79, eta Euskalerria Irratiak 63,31. Hala esan du behintzat Francisco Iribarren Ekonomia sailburuak.

Leihaketa Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aginduz errepikatu da. Izan ere, 1998an egindakoan irregulartasunak atzeman zituen, eta bertan behera utzi. Zehazki, Sanz Bareak zenbait alor bere kabuz baloratu zituela agertu zuen auzitegiak, epaimahai kolegiatuaren erabakia aintzat hartu gabe, eta balorazio petsonal horien ondorioz jaso zutela lizentzia Nafarroako Unibertsitateak eta Net 21ek. Aldiz, epaimahai kolegiatuak egindako balorazioaren arabera, Euskalerria Irratiaren zen proiekturik egokiena.

Aipat bezala, auzitegiek behartuta berriro errepikatu dute prozesua, eta berriro ere Nafarroako Gobernuak Sanz Barea jarri du kontratazio mahaiko buru, Nafarroako Auzitegi Nagusiak haren jokabidea espreski gaitzetsi arren. Eta berriro lizentziarik gabe utzi du kontratazio mahaiak Euskalerria Irratia, eta Nafarroako Unibertsitatearen eta Net21en proiektuak hobetsi ditu.

Net21 irratiak otsailean utzi egin zion emititzeari, ezintasun ekonomikoak behartuta. Iribarren kontseilariari hori gogorarazi diotenean esan du aztertu egin behar dela Net21en egoera zein den, eta horrena arabera, lizentzia berriro atera daitekeela leihaketara.

Euskalerria Irratia da Iruñerrian euskaraz egiten duen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.