Maiatzaren 9ra arte, itxita. Nafarroako Gobernuak erabaki du COVID-19aren aurkako neurri murriztaileei eustea, Espainiako Gobernuak alarma egoera bertan behera utzi arte. Besteak beste, joan-etorriei, bilkurei eta ostalaritzako barnealdeen itxierari eragiten diete.
Nafarroako Gobernuak azaldu du birusaren transmisioa mantsotu egin dela azken astean: kutsatzeak %21 murriztu dira aste batetik bestera. Baina 14 eguneko intzidentzia metatua oso handia dela oraindik: 408 kasu 100.000 biztanleko. Osasun arduradunek gogorarazi dute arriskua «oso handia» dela.
Kezka eragiten du ospitaleetako egoerak ere, COVID-19arekin kutsatutako 210 gaixo baitaude Nafarroako erietxeetan; horietatik 42 ZIU zaintza intentsiboetako unitateetan. Gobernuak uste du horrek guztiak justifikatu egiten duela neurriak luzatzea.
Azken asteetan bezala, taberna eta jatetxeetako barnealdea itxita egonen da maiatzaren 9ra arte; saltoki ertain eta handietan, %30ekoa izanen da gehienezko edukiera, eta %50ekoa, berriz, saltoki txikietan. Gainera, ezinen da bizikideak ez diren pertsonen arteko bilkurarik egin. Kanpoaldean, gehienez, sei pertsona elkartu ahalko dira, bizikideak ez badira.
Etxeratze agindua indarrean izanen da datozen asteetan ere, 23:00etatik 06:00etara, eta baita erkidegoaren itxiera perimetral orokorra ere.
Apirilaren 23an, Milagroren itxiera bertan behera utziko du Maria Txibiteren gobernuak, intzidentzia metatua nabarmenki apaldu ostean: 100.000 biztanleko 1.873 kasukoa zen martxoaren bukaeran, eta 673koa da orain. Arguedasen itxiera apirilaren 26ra arte mantenduko du gobernuak, «COVID-19ari eusteko neurri gehigarri gisara».