Nafarroako Gobernuak onartu du 25 milioi euro aurrezteko lege asmoa

Administrazio publikoetan ari diren langileen lan baldintzei buruzko neurriak aurreikusten ditu

Erredakzioa
Iruñea
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Nafarroako administrazio publikoetan ari diren langileen lan jardunaldia luzatzea eta erretiroa, halabeharrez, 65 urterekin hartzea. Horiek dira Nafarroako Gobernuak atzo onartutako lege proiektuan jasotako neurrietako bi. Haien bidez, eta Nafarroako administrazio publikoetan ari diren langileen lan baldintzekin lotutako bertze hainbat neurriren bitartez, 25 milioi euro aurreztea da gobernuaren helburua.

Lanorduei dagokienez, urte osoko jardunaldiak 1.628 ordu izanen ditu, lege proiektuaren arabera, orain baino 36 gehiago. Erretiroa 65 urterekin hartzeko neurriari dagokionez, salbuespenak izanen ditu. Pentsioa jasotzeko eskubidea ez badu lortu ordurako langileak, adibidez, atzeratu ahal izanen da. Orain lanean diren 65 urtetik goitiko langileek, berriz, hiru hilabeteko epea izanen dute erretiroa hartzeko.

Gobernuak lege proiektua onartu eta gero, Nafarroako Parlamentuan eztabaidatzea eta bozkatzea izanen da hurrengo urratsa. Gobernuaren asmoa da uztailaren 1erako martxan jartzea onartutako neurriak. Haietako gehienak abenduaren 31 bitarte egonen lirateke indarrean, Nafarroako Gobernuko bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniainek atzo azaldu zuenez.

«Elkarrizketa egon da, bai eta negoziazioa ere Funtzio Publikoaren Mahaiarekin», nabarmendu zuen eledunak. Negoziazio horren ondorioz, haren hitzetan, lege proiektutik at gelditu da, azkenean, lanera ez agertzeagatik soldataren bidezko zigorrak jasotzeko aukera. «Urte bukaera bitarte lanera agertzen ez direnen kopurua murrizten ez bada, hala ere, neurriak hartuko ditugu», ohartarazi zuen Sanchez de Muniainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.