Ostalariek aurreratu zuten, eta Nafarroako Gobernuak baieztatu du: astelehenetik aurrera tabernen barneko partea zabaldu ahalko dute herrialdean. Irekiera baimendu badu ere, gobernuak neurriak ezarri ditu, eta ezingo da gainditu tabernaren %30eko edukiera. Hala ere, neurri horrek salbuespen bat izango du: ostalariek erantzukizun dokumentu bat sinatzen badute eta CO2 neurgailuak jartzen badituzte, %100eko edukiera izan ahalko dute, mahaien arteko distantziak zainduta betiere. Gaueko 22:00ak arte izan ahalko dute zabalik tabernen barnealdea.
Nafarroako Gobernuak kaleratutako erabakia sektoreko «irekiera kontrolatuaren lehen fasea» dela azaldu du. Foru aginduak bi aukera eskaini dizkie ostalariei. Arau orokorrak %30eko edukiera eta mahaien arteko bi metroko distantzia ezarri ditu. Era berean, mahaietan baino ezingo da kontsumitu, eta lau lagun egon ahalko dira gehienez mahai berean. Salbuespena izango dira bezeroen artean 70 zentimetroko tartea bermatu ahal dezaketen lokalak: kasu horretan, gehienez seiko taldeetan jarri ahalko dira.
Neurri horiek establezimendu guztiei ezarriko bazaizkie ere, ostalariek badute aukera lokal osoa erabilgarri izateko. Horretarako, lokalaren nondik norakoen fitxa teknikoa eta erantzukizun deklarazio bat aurkeztu beharko dute jabeek: bertan, neurriak beteko dituztela zin egin behar dute, eta neurri gehigarriak hartu, CO2 neurgailuak, esaterako. Haa eginez gero, edukierarena izango da aldaketa bakarra, aulkien arteko bi metroko distantzia eta gehienezko sei lagunen muga bete beharko baitute. Establezimendu horietan ere jarrita bakarrik kontsumitu ahal izango da.
Era berean, bezeroen datuak jaso beharko dituzte, kasu positiboren bat gertatuz gero haien jarraipena errazteko. CO2 neurgailuei dagokienez, airearen kalitatea neurtzea du helburu, eta ezingo ditu 800 ppm (partikula milioiko) gainditu.
Terrazak, bestera
Nafarroako Gobernuak iragarri berri dituen neurriek tabernen barrualdeari eragingo diote soilik. Izan ere, terrazak goizaldeko ordu bata arte egon ahalko dira zabalik, abuztuan onartutako foru aginduaren irizpideei jarraituz. Hala ere, 24:00etatik aurrera ezingo dute bezero berririk zerbitzatu. Ordutegi hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak gobernuaren murrizketa neurriak bertan behera utzi eta gero ezarri dute, eta, hain zuzen ere, gobernuak ez du eskumenik horiek moldatzeko; tokian tokiko udalek baino ezingo dute hori egin, udalerriko araudiaren arabera.