Ikurren legea

Nafarroako Gobernuak salaketa jarri du Leitzako Udalaren aurka ikurren legea ez betetzeagatik

Nafarroako Gobernuak salaketa jarri du Nafarroako Auzitegi Nagusian Leitzako Udalaren aurka "ikurren legea ez bete eta ikurriña balkoian mantentzeagatik", Nafarroako Gobernuko bozeramaile Alberto Catalanek (UPN) gaur baieztatu duenez. Euskadi irratiak jakitera eman duenez, salaketa horren oinarria ez da soilik ikurriña udaletxean mantentzea, baizik eta Leitzan Guardia Zibilak orain arte izan duen etxean ere ikurriña jarri izana. Ikurriña kentzeko agindua Leitza, Atarrabia eta Agoitzko udalei bidali dietela nabarmendu du Catalanek.

2003ko abenduaren 4a
19:23
Entzun
Atarrabiako UPNko alkateak asteon kendu zuen ikurriña balkoitik, eta oposizioko alderdi guztiek ikurriña berriz zintzilika zezan eskatu zioten. Hala ere, Atarrabiako etxe askotan ikurriñak ikus zitezkeen balkoietan.

Agoitzko alkateak atzo bete zuen Nafarroako Gobernuak helarazitako agindua eta 1977az geroztik udaletxean zegoen ikurriña balkoitik kendu zuen. Bertako herritarrek berehala erantzun zioten alkatearen jarrerari, eta kalera atera ziren ikurriñak hartuta.

Leitzara ere igorri zuten ikurriña kentzeko agindua, baina "kasu zipitzik egin ez" diotenez salaketa jartzea erabaki dutela esan du Catalanek. Nafarroako Gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, legez kanpo dagoen ekintza baten aurrean "Gobernua ezin da besoak gurutzaturik gelditu", eta aurrerantzean ematen diren kasuetan "gauza bera" egingo duela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.