Nafarroako Gobernuko itunaren hausturak euskararen aldeko diru laguntzak "blokatuko" dituela jakinarazi du gaur Xabier Azanza Euskarabideko zuzendariak. "Izan ere, Carlos Perez Nievasek [Hezkuntza kontseilariak] abuztuan dirua lortu zuen [laguntza berriak], baina gobernu hausturarekin blokatu egingo dira", esan du gaur Azanzak.
2007tik da Azanza Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea. Orduko maiatzeko foru hauteskundeen ondoren sortu zuten erakundea UPNk eta CDN. Hain zuzen, CDNkoa da Perez Nievas.
Horretaz gain, joan den urtarrilean Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza hizkuntza politikan elkarlanean hasi ziren, ia hamar urteko etenaren ondotik, eta Perez Nievasek berak sinatu zuen Nafarroako Gobernuaren izenean.
Atzo gauean apurtu zen gobernu ituna, eta Nafarroako Euskararen Legeak eragin du, itxuraz, haustura. Izan ere, UPN Noain, Beriain, Galar eta Aranguren Iruñerriko herriak euskararen eremu mistoan sartzearen aurka azaldu zen lehengo ostegunean parlamentuan eta CDN abstenitu egin zen. Bi alderdiak 2003tik egon dira eta Nafarroako Gobernuan.
Alderdien erreakzioak
Nafarroako Gobernuaren haustura ondo hartu du Aintzane Ezenarro Aralarreko eusko legebiltzarkideak, "ona delako Nafarroako eskuina inoiz baino zatituagoa egotea". Hala, 2011ko foru hauteskundeetara begira-eta "Nafarroa Baiko [EA, Aralar, EAK, Batzarre] txikikeriak albo batera" uzteko dei egin du Ezenarrok, eta "indarrak batzeko" eskatu du, gaur Euskadi Irratian esan duenez.
Joseba Egibar EAJko eusko legebiltzarkidearen ustez, Nafarroan PSN "bingoa" ari da lortzen. Batetik, 2007ko foru hauteskundeetatik Nafarroa Bairen "bidea oztopatzen" ari delako eta, bestetik, eskuina "erditik zatitu" egin delako -PP eta UPNren ituna ere amaitu zelako duela hilabete batzuk-.
Egibarrek esan du UPNk orain CDN "sobera" zeukala, eta "bidea argitu" nahian hartu duela hura gobernutik bidaltzea.
Ezker abertzalearen iritziz, Nafarroako eskuinean bi urte barruko hauteskundeetarako "tokia hartzeko borrokaren" ondorio da haustura, eta UPNk "bakarrik" abiatu du bidea. Besteak beste, "euskal nortasuna duen ororekiko" egiteko. "Nafarroan eta Euskal Herrian aldaketa politikoaren alde" lan egitera animatu ditu herritarrak ezker abertzaleak.
UPNk 22 parlamentari ditu Nafarroako Legebiltzarrean, Nafarroa Baik hamabi, PSNk ere hamabi, IU-NEBk bi eta CDNk bi. EAE-ANVk ez du ordezkaritzarik, bozetarako baliogabe utzi zuelako Espainiako Justiziak -ia hogei mila boto lortu zituen-.
politika
Nafarroako Gobernuaren hausturak euskararentzako diru laguntza berriak "blokatuko" ditu, Euskarabidearen iritziz
Xabier Azanza Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak dio Carlos Perez Nievas Hezkuntza kontseilari eta CDNko kideak dirua lortua zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu