Nafarroako Gobernuak kide berriak izendatuko ditu kontratazio mahaian, bi irratiek utzitako hutsunea nortzuek beteko duten erabakitzeko. Komunikazio aditu bat, telekomunikazio aditu bat eta kontu hartzaile bat batuko dira, eta Edurne Elio Nafarroako Gobernuko Komunikazio zuzendaria izango da mahaiko presidentea. Nafarroako Gobernuaren esanetan, "autonomia osoa" izango du mahaiak.
Gobernuak ohar baten bidez azaldu duenez, kide horiek "modu autonomoan" jardungo dute, lehiaketan parte hartzen duten irratien balorazioa enpresa pribatu baten esku ez uzteko. Kultura, hezkuntza eta informazio programazioa, Nafarroako Foru Erkidegoaren balio kultural, historiko eta sozialen sustapena, bideragarritasun ekonomikoa, kaudimen profesionala eta bideragarritasun teknikoa neurtu behar ditu mahaiak, gobernuak azaldu duenez.
Foru agindua gaur jakinarazi diete lehiaketan dauden 24 enpresei, eta bihar argitaratuko dute agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Kontratazio mahaiko kideak, Eliorekin batera, honako hauek izango dira: Juan Jose Balerdi Nafarroako Gobernuko Komunikazio zerbitzuko zuzendaria, Miguel Rios Martin Presidentearen Departamentuko azpiegitura teknologikoen zerbitzuko zuzendaria, Ignacio Ilundain Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendaritzaren zerbitzu juridikoko burua eta Luis Ceras Ekonomia Departamentuko kontu hartzailea.
Hiru epai
1998. urtetik, epaileek hirutan esan dute Nafarroako Gobernuak gaizki jokatu zuela Iruñerriko irrati lizentziak banatzean eta irregulartasunak egin dituela. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak esan zuen hori, lehenbizi, bitan; eta azkeneko epaia Espainiako Auzitegi Gorenarena izan zen. 1998. urtean egindako banaketan, baimenik gabe gelditu zen Euskalerria irratia, eta Net 21 eta Nafarroako Unibertsitatea izan ziren garaile. Euskarazko hedabideak helegitea jarri, eta arrazoia eman zion auzitegiak.
Epaileek ontzat jo zuten lehiaketaren lehen fasea, eta, horretan, Euskalerria irratia zen sailkapenaren buruan. Baina urte horietan guztietan baimenik gabe egin behar izan du aurrera Iruñerriko euskarazko irrati bakarrak. 26. denboraldian da orain Euskalerria irratia, eta 11 pertsonak osatzen dute lantaldea.