Ehundik gora lagun bildu dira gaur goizean Iruñeko udaletxeko enparantzan EPPK-ko bitartekarien kontrako operazioa salatu eta atxilotuak askatzeko eskatuz. Guardia Zibilaren operazioak "bake prozesuak aurrera egitea" oztopatzen duela salatu dute. Gaineratu dute presoen eskubideen aldeko ekimenak kriminalizatu nahi dituztela eta etsipena nahi dutela zabaldu.
Amaia Zubieta Eilaseko ordezkariak eta Begoña Zabala Emakume Internazionalistak-eko kideak hartu dute hitza. Atxiloketak ETAko presoek abenduan hartu zuten erabakiari emandako erantzun zehatza dela esan dute. "Garbi dago Estatua ez dela konformatzen ezer ez egitearekin, eta tematu dela bake prozesuak ez dezan aurrera egin".