Nafarroako hainbat udalek D ereduaren alde egin dute

Kanpaina batean adierazi dute eleaniztasuna lortzeko aukera ematen duela euskarazko ereduak

Iruñea
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroako zenbait udal, mankomunitate eta kultur patronatuk D ereduaren aldeko kanpaina egingo dute. Otsailaren 7tik 14ra aurrematrikulazio kanpaina izango da Nafarroan, eta udalek 3 urteko umeen gurasoei umeak D ereduan matrikulatzera «bultzatu» nahi dituzte. Eredu «eleaniztuna eta kalitatezkoa» dela nabarmendu du Miguel Angel Zubiria Sakanako Mankomunitateko presidenteak.

Nafarroako hogei bat udal, mankomunitate eta kultur patronatuk hasi dute D ereduaren aldeko aurrematrikulazio kanpaina, gurasoak «laguntzeko». Eredua aukeratzeko arrazoi nagusia argi dute: «Gure hizkuntzetan, euskara eta gaztelania, irakasteko aukera ematen duen eredu bakarra da». D ereduak 30 urtez elebitasunean irakatsi duela eta «kalitatea» bermatuta dagoela adierazi du Zubiriak. Gizartean «aitorpena» lortu duela dio.

«Euskaraz ikasten dutenek gaztelania ere ikasten dute, eta atzerriko beste hizkuntza batzuk ikasteko erraztasun handiagoa dute», azaldu du Zubiriak. D ereduaren abantailak frogatuta daude, eta euskaraz ikasten duten umeek emaitza «hobeak» lortzen dituzte. Gurasoen beldurretako bat izaten da D ereduan ikasi ondoren etorkizunean seme-alabek lan munduan aukerak izango ote dituzten. Udalen kanpainak guztiz uxatzen du kezka hori: «D ereduak ateak zabaltzeko balio du, bai lan munduan, bai gizartean,bai lagun artean». Zenbait guraso euskaldunek «umeei euskaraz hitz egiten dietenez» ingelesezko ereduaren alde egiten dutela azaldu du Zubiriak. Euskarazko ereduaren defentsa egiten du, ordea: «D ereduak eleaniztasuna eta erregistro ezberdinak ezagutzeko aukera ematen du». Hala ere, D ereduan matrikulazioak «apur bat» jaitsi dira. Nafarroako kanpaina 0 eta 3 urte bitarteko umeen gurasoentzat da. Dortoka da kanpainaren maskota.

Nafarroako Gobernuak ere hasi du hezkuntza eskaintza aurkezteko kanpaina. Aurrematrikulazioa, Haur eta Lehen Hezkuntzan hilaren 7tik 14ra izango da, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan martxoaren 1tik 15era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.