Espedientea eta frantsesezko nota hartzen zituen kontuan Hezkuntza Departamentuak 46 ikasleen zerrenda osatzeko. Eta notak kontuan hartuz gero, oso goian zeuden aipatutako ikasleak. Nafarroako Gobernuak, ordea, truke programatik kanpo utzi ditu, D eredukoak direlako.
Iruñeko Eunate institutuko zuzendari Ana Botellok BERRIAri azaldu dionez, "prebisio falta nabarmena" izan du Nafarroako Gobernuak, eta gaztelaniazko ikastetxeak izan dira programarako adostu dituztenak. "D ereduko ikaslerik ez dute onartu. Guk nabarmendu nahi dugu D eredua existitzen dela. Normalean, kaltetuak gure ikasleak izaten dira".
Eunate institutuko hiru ikaslek Nafarroako nota onenak zituzten: bik 10 frantsesean, eta batek 9; batez besteko nota 9,1 eta 9,5 artekoa. "Oso ikasle onak dira, motibatuak", aderazi du zuzendariak. "Horrekin pozik geunden, baina gero ikusi dugu zerrendan ez zituztela sartu". Hainbat familia kexu azaldu dira egunotan. Kaltetutako D ereduko ikastetxeek, halaber, agiri bateratu bat egiteko asmoa dute.
Geroa Baik Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren agerraldia eskatu du Nafarroako Parlamentuan, truke programako ikasleen hautaketan aplikatutako irizpideak eta prozedura azaldu dezan. "Deigarria da truke programarako aukeratutako 46 ikasleetatik ez egotea D ereduan ikasten duen bat ere ez. D ereduko ikasle batzuk aukeratuen zerrendan egon beharko lirateke haien nota dela eta", nabarmendu du Geroa Baiko parlamentari Patxi Leuzak.