Nafarroako haur lapurtuen batzordea parlamentuan onartzea adostu dute

Mahaiak aztertu du gaia; PSNk eta Bilduk banaka aurkeztutako eskaeraren alde agertu dira alderdi guztiak

Nafarroako SOS Haur Lapurtuak elkarteko ordezkariek parlamentuan egindako agerraldia. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Bertze urrats bat. Nafarroako Parlamentuak aurrera egin du haur lapurtuen auzia ikertzeko batzordea osatzeko prozesuan: Mahaiak eta Eledunen Batzordeak ontzat jo dute PSNk eta Bilduk egindako eskaera. Parlamentuak osoko bileran aztertuko du gaia, azken erabakia hartzeko. Alderdi guztiak alde agertu dira jada.

«Hagitz kontent gaude», erran du Coro Arrondok, Nafarroako SOS Haur Lapurtuak elkarteko presidenteordeak. «Ez genuen uste dena hain azkar gertatuko zenik», onartu du.

Duela astebete egon ziren SOS Haur Lapurtuak elkarteko ordezkariak Nafarroako Parlamentuan. Haien aurrean, batzordea osatzeko asmoa agertu zuten taldeek. PSNk eskatuta egin zen joan den asteko lan saioa, eta alderdi hori izan zen ikerketa batzordea osatzeko eskaera aurkezten lehena.

Lan saioan proposamenarekin bat egin zuten bertze alderdiek, eta eskaera batera aurkezten saiatu ziren, bertzeak bertze, Bilduko ordezkariak. «Sozialisten erantzuna izan zen, ordea, haiek beren eskaera eginen zutela, eta gainerako taldeok egiten ahal genuela beste bat», azaldu du Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek.

Bilduk berea egin zuen, eta hori eta sozialistena aztertu zituzten atzo Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak. Ruizen ustez, litekeena da hilabete barru inguru jorratzea auzia parlamentuko osoko bileran. Ruizen hitzetan, «ezinbestekoa» da batzordea osatzea, «egia argitzeko».

Iritzi bera agertu du NaBaiko Patxi Zabaletak, baina onartu du nahiago zukeela eskaera bakarra eta bateratua aurkeztu balitz. Batzordeak garrantzi handia izan dezakeela gaineratu du, parlamentuak deitutakoek ezinbertzean agertu behar dutelako batzordearen aurrera.

Ezkerrak, PPNk eta UPNK ere ontzat jo dute batzordea osatzeko aukera. «Eginbeharrekotzat» jo du Ezkerrako Jose Miguel Nuinek. PPNko Victoria Arraizaren ustez, «justizia lortzen laguntzen ahal» du batzordeak. UPNko Carlos Garcia Adanerok, berriz, Fiskaltza ere gaia ikertzen ari dela erran du, eta espero duela batzordeak lan hori ez oztopatzea.

Batzordea ikerketan sakondu ahal izateko bidea dela argi du Coro Arrondok. Horregatik, berri ontzat jo du batzordea osatzea. «Kontent egoteko unea da oraingoa; osatzen denean, ikusiko dugu nola egiten duen lan, nola egiten duen aurrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.