Bildu, Aralar, NaBai eta hautagaitza independenteetako hainbat zinegotzi eta alkatek Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko eskatu dute gaur, Iruñean emandako prentsaurreko batean. Izan ere, haien arabera, "UPNren gobernuak amildegiaren ertzera eraman du Nafarroa".
Hautetsi haiek uste dute Nafarroako politika ekonomikoa eta lurralde eredua "agortuta" daudela. UPNk biok "inposatu" egin dituela deritzote. Horregatik guztiagatik, Yolanda Barcina lehendakariari dimisioa emateko galdegin diote. "Noraezean dabilen eta gutxiengoan dagoen gobernu ahul bat dugu. Gehiengoarentzat gobernatzeko gai ez dena, kolpatzen gaituen krisiaren aitzinean alternatibarik ez duena. Inbertsioak erakarri eta enplegua sortzeko eraginkortasun falta nabarmena duela eta, Nafarroa Espainiako Estatuko erkidego zorpetuenean bilakatu du".
Arlo sozialean, berriz, "zerbitzu publikoak suntsitzen" ari da UPNren gobernua, salatu dutenez. Harengatik Nafarroako aurrezki kutxa desagertu zela ere gogoratu dute.
Ondorioz, beharrezkotzat ikusten dute Nafarroaren etorkizunari buruzko eztabaida sozial zabal bat hastea. "Nafar jendarteak Euskal Herriko gainontzeko herrialdeekin nolako harremana izan nahi duen erabakitzeko aukera zabalik dugu".
Iazko maiatzean izan ziren herrialdeko parlamenturako aurreko bozak. UPNk 19 legebiltzarkide lortu zituen, PSNk 9, NBaik 8, Bilduk 7, PPk 4 eta Ezkerrak 3. UPN dago gobernuan, gutxiengoan, PSNk babesa kendu ondotik.