AEKren Iruñeko Irrintzi euskaltegira bisita egin dute Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko kideek, Bilduk eskatuta. Donibane auzoko egoitzan, euskaraz ikasten hasi berri diren herritarrekin hitz egiteko aukera izan zuten atzo euskaltegiko geletako batean.
Nafarroan, 120 talde inguru ari dira euskara ikasten, gaur egun, AEKren eskutik. 1.300 ikasle ari dira, denera, herrialde horretako 52 herri eta auzotan ikasten. Euskaltegi horietan 74 irakaslek egiten dute lan.
Iruñeko Donibaneko Irrintzi euskaltegiko arduradunek ikasleen ahalegina nabarmendu eta eskertu nahi izan dute Hezkuntza Batzordeko kide diren parlamentarien aurrean. «Euskara ikasten ari dira, euskaraz bizi nahi dutelako», gogorarazi dute AEK-ko kideek.
Irrintzi euskaltegiko ikasleekin egoteko eta egoitza osorik ezagutzeko aukera izan dute Nafarroako Parlamentuko kideek. Gainera, hango arduradunekin bilera egin dute. Bilera horretan, euskaraz ez dakiten Hezkuntza Batzordeko kideei hizkuntza ikasteko eskatu diete AEK-ko arduradunek, eta euskaltegian bertan izena emateko gonbita egin diete.
Herritarrei ere gogorarazi nahi izan diete oraindik ere hasiera mailako taldeetan aritzeko izena emateko aukera badela AEK-ren euskaltegietan. Urri osoan izanen da hori egiteko aukera, hain zuzen ere. Erantsi dute gainerako taldeetan «nahi duten momentuan» eman dezaketela izena euskaraz ikasi nahi dutenek.
Nafarroako Hezkuntza Batzordea, Irrintzi euskaltegian
Parlamentariek AEKren Iruñeko egoitza bisitatu dute; ikasleen ahalegina nabarmendu dute hango arduradunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu