Nafarroako hezkuntza komunitatearen foroak ez du baztertu greba egiteko aukera

Ikastetxeetan hartu behar diren segurtasun neurriak negozia daitezela galdegin dute foroko sindikatu eta elkarteek, eta aldarrikatu dute eskolarako itzulerak «adostua, osasuntsua eta aurrez aurrekoa» izan behar duela. Elkarretaratzea eginen dute irailaren 15ean, Gazteluko plazan.

Nafarroako hezkuntza komunitatearen kideek irailaren 2an egindako protesta. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 9a
12:12
Entzun

Ikasturte berriaren inguruko «ziurgabetasuna» salatu dute Nafarroako hezkuntza komunitatearen foroko ordezkariek, Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako elkarretaratzean. Beste behin, eskatu dute ikastetxeetako ikasleen zein langileen segurtasuna bermatzeko adina neurri har daitezela, eta argitu dute ez dutela baztertu greba egiteko aukera; diotenez, ez dute baztertuko Hezkuntza Departamentuak foroko kideen askaerei erantzun arte. Forokoek premiazkotzat jotzen dituzte, esate baterako, ratioen jaitsiera, baliabide gehiagoren kontratazioa, eta osasun langileen laguntza.

Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariari eskatu diote «eser dadila negoziatzera». Izan ere, sindikatuek eta elkarteek azaldu dute aurtengo eskolaratzea ez dela negoziatua izan: «Ekarpenak posta elektronikoz jasotzea eta ondotik deus ez egitea ez da negoziatzea», adierazi dute. «Gardentasuna» eskatu dute kontratazioen eta baliabideen kudeaketaren inguruan.

Ion Orzaiz BERRIAko kazetariak joan den ostiralean elkarrizketa egin zion Carlos Gimenori, hain justu Nafarroako zenbait eskolak ateak ireki zituzten egunean. Hartan, Gimenok adierazi zuen departamentukoek hitz egin dutela hezkuntza komunitateko kideekin, eta «aintzat hartu dituztela» haien beharrak.

Elkarretaratzean iragarri dute, bestalde, Hezkuntza komunitatearen foroko ordezkariek bilerak eginen dituztela Nafarroako Parlamentuko zenbait alderdi politikorekin, irailaren 14tik hilaren 25era bitartean. Gainera, beste elkarretaratze batera deitu dute irailaren 15erako, Gazteluko plazan. Sinadurak bilduko dituzte, eta irailaren 29an aurkeztuko dizkiete agintariei.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, greba deialdia egina dago dagoeneko irailaren 15erako. Hezkuntza osoari eraginen dio, sare publikoari eta itunpekoari. Sindikatuek berriki iragarri dute, gainera, hezkuntza arloko azpikontratek ere grebara joko dutela; garbiketa zerbitzuari, jantokiei eta garraioari eraginen die.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.