politika

Nafarroako Hezkuntza kontseilari berriak "lehengo bide berean" segitu nahi du

Gaur hartu du kargua Alberto Catalan UPNko kideak. Carlos Perez Nievas CDNko kidearen "helburu eta planteamendu berak" dauzkala esan du. Dena dela, "interes berezia" jarriko du "kalitateko hezkuntzan, ingeleraren irakaskuntzan eta teknologia berrietan".

2009ko urriaren 1a
14:05
Entzun
Alberto Catalan (UPN) Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari berriak gaur hartu du kargua, eta adierazi du aurreko arduradunaren "lehengo bide berean" segitu nahi duela, "helburu eta planteamendu beraiekin". Hala ere, aitortu du "interes berezia" jarriko duela "kalitateko hezkuntzan, ingeleraren irakaskuntzan eta teknologia berrietan".

Carlos Perez Nievas CDNko kidea izan da 2007ko ekainetik lehengo astelehenera arte Hezkuntza kontseilaria, eta Miguel Sanz Gobernuko lehendakariak kargutik bidali egin zuen -Jose Carlos Esparza Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa kontseilaria ere bai-, CDNk "gobernu ituna ez betetzeagatik".

Catalanek esan du Nafarroako Euskararen Legea "herrialdearen beharretarako egokia" dela, eta hori izango dutela gero ere "erreferentzia esparrua".

Perez Nievasen sailak 2007an Euskarabidea Euskararen Nafar Institutua sortu zuen. Iazko urtarrilean, berriz, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza hizkuntza politikan elkarlanean hasi ziren, ia hamar urteko etenaren ondotik, eta CDNko kontseilaria izan zen izenpetze ekitaldian.

Noain, Beriain, Galar eta Aranguren Iruñerriko herriak euskararen eremu mistoan sartzearen aurka azaltzeko eskatu zion Sanzek CDNri, baina honek ez zuen jarrera aldatu. 50 parlamentarietatik 26k egin zuten gaur zortzi IU-NEBen proposamenaren alde: Nafarroa Baiko hamabiek, PSNko hamabiek eta IU-NEBko biek. UPNk (22) aurka bozkatu du eta CDNko bi legebiltzarkideak abstenitu egin ziren.

Harreman Instituzionalen kontseilaria eta gobernuaren bozeramailea ere bada Catalan lehendik.

Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa kontseilari berria Amelia Salanueva (UPN) da eta honek ere gaur hartu du kargua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.