Nafarroako Euskararen Legeak 18 urte

Nafarroako hizkuntz politikak euskararen desagerraraztea legez arautzen duela salatu dute euskalgintzako elkarteek

Nafarroako Euskararen Legeak 18 urte bete dituela eta, araudi horrek euskara normalizatzeko oinarririk ez duela ezartzen salatu dute Iruñean euskalgintzako hainbat erakundek; zehazki, AEK-k, Administrazioan Euskaraz elkarteak, Behatokiak, Euskal Herrian Euskarazek, IKAk, Kontseiluak, Oinarriak eta Sortzen-Ikasbatuazek. Euskararen Legea Europan "kontra-eredua" dela eta euskara desagerrarazteari legezko babesa ematen diola salatu dute. Euskara Nafarroa osoan ofizial izatea eskatu dute.

2004ko abenduaren 14a
16:08
Entzun
Euskararen Legeak Nafarroan euskara normalizatzeko oinarri nahikorik ez duela adierazi dute aipatutako euskalgintzako elkarteek, gaur goizean Iruñean emandako prentsaurrekoan. Oinarriakeko Irantzu Onkok esan duenez, "Nafarroakoa Europako kontra-eredua da: inon aplikatzen ez den politikari eusten diolako, inon ezagutzen ez diren irizpideei eusten zaielako eta hizkuntza bat desagerraraztea eta herritarren eskubideak urratzea legez arautzen direlako".

Kontseiluko Idazkari Nagusi Xabier Mendigurenek beste lege bat eta hizkuntz politika berri bat behar direla adierazi du, eta bereziki, euskarak ofiziala izan behar duela lurralde osoan. "Epe eta helburu zehatzak dituen ongi planifikatutako hizkuntz politika bat behar da;eta politika horrek gizarteko sektore guztietan eragin beharko luke", azpimarratu du.

Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok eremu publikoan ez zaiela herritarrei hizkuntz eskubideak aitortzen salatu du: "herritarrei ez zaie eskubiderik aitortu eremu publikoan hezkuntza euskaraz jasotzeko, ezta administrazioarekin euskaraz jarduteko" , adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.