Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Planaren kontra salaketa jarri dute Sustrai Erakuntza fundazioak eta Sakanako Mankomunitateak. Haien arabera, planak hondakinen errausketa inposatzen du, prebentzioaren eta murrizketaren aldean. Horrenbestez, Europako Legedia urratzen duela esan dute bi aldeek. Izan ere, Europako aginduek prebentzioaren eta murriztearen alde egiten dutela argudiatu dute.
Errauste planta egitea jaso dute planean. Baina Sakanako Mankomunitateak eta Sustrai Erakuntzak azaldu dute ez dela horren inguruko ikerketa ekonomiko seriorik egin. «Ez dute ezer esan ezta ere hondakinak erretzeak eragingo lukeen kostuaren inguruan».
Errauste plantaren kokapena ez dute aipatu. «Kokapena aukeratzeko irizpideak baino ez dituzte eman. Horrek edukiz husten du plana. Izan ere, legeak agintzen du planean zehaztu behar direla zaborren kudeaketarako aurreikusten diren azpiegiturak, eta haien kokapena», salatu dute.
Auzitara jotzeko erabili duten beste arrazoietako bat hau da: planak ez duela errespetatzen hondakinak tratatzeko Europako Batasunak ezarritako hierarkia. Horren arabera, hondakinen sorrera gutxitzea izan behar du xedeak. Ondoren daude birziklatzea eta berrerabiltzea. Azken aukera gisa eta soilik birzikla ezin daitezkeen hondakinentzat aurreikusten du erretzea. «Errauste planta da, ordea, planaren tresna nagusia. Legearen aurka egiten du. Planeko laburpenean bertan aitortu dute hierarkia horretan salto bat egin dela. Baina horretarako arrazoirik ez dute eman».
Gainera, argudiatu dute errauste plantaren helburua ez dela hondakinekin energia lortzea, baizik eta horiek ezabatzea.
Olatzagutira bisita
Sakanako eta Ameskoetako udaletako ordezkaritza bat, bestalde, Portland enpresak Olatzagutian (Nafarroa) duen planta bisitatzen izan ziren atzo. Enpresaren asmoa da bertan hondakinak erretzen hastea. Izan ere, azken urteetan nabarmen jaitsi da haien jarduera.
Sakanako Bilduk kezka azaldu zuen bisitaren ostean: «Zoritxarrez, gure susmoak bete dira. Enpresaren helburu bakarra gero eta diru gehiago irabaztea da, herritarren osasuna arriskuan jarriz».
Eskari argia egin diote enpresako arduradunei. «Herritarren borondatea kontuan hartu, eta ez dezatela proiektua inposa. Jar ditzatela herritarren interesak enpresaren interesen gainetik». Proiektua gauzatu ez dadin lanean jarraituko du Bilduk.
Iragan astean Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak (UPN) enpresaren asmoen alde egin zuen. NaBairi eta PSNri ere «zentzuzkoa» iruditzen zaie enpresaren proiektua.
Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plana, auzitara
Sustrai Erakuntza fundazioak eta Sakanako Mankomunitateak jarri dute salaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu