Nafarroako hondakinen plana onartuta, errauste planta gertuago da

Zaborren %52 birziklatzea eta %43 erretzea da xedea; 2020an jarri dute planaren helmuga

Erredakzioa
Iruñea
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak 2010-2020 Hondakinen Kudeaketarako Plana onartu du. Zaborra murriztu, berrerabili eta berreskuratzearekin batera, hondakinak erraustea proposatzen du. Xedea 2020an hondakinen %52 berreskuratzea, eta zabortegietara %5 «besterik» ez eramatea da, Begoña Sanzberro Nafarroako Ingurumen kontseilariak azaldu duenez. Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak egin nahi duten errauste planta, ingurumenarentzat zein ekonomiarentzat, aukera onena dela argudiatu du. Herritarren artean hautuak kexuak eragin ditu, ordea.

2020an bildutako hondakinen %52 birziklatzea da planaren helburua, %43 erre eta energia bihurtzea, eta %5 zabortegira eramatea da. Europako Batasunak baliatzen duen printzipioa oinarri hartuta, planaren lehenengo oinarria hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta berreskuratzea dela gogorarazi du Begoña Sanzberrok. «Erabateko konponbidea» ez dela nabarmendu du, ordea. Gaur egun hondakinak murriztu, berrerabili eta berreskuratu ondoren, %68 zabortegietarairisten direla adierazi du. Planaren xedea %48 murriztea da.

Segidan, berreskuratzen ez diren hondakin horiek erraustea hobesten du planak. Sanzberrok azaldu duenez, hondakinak energia sortzeko duten gaitasuna lehenetsi behar da, eta, hartara, planaren arabera, energia sortzeko modurik egokiena hondakinak erraustea da. Errausketa ingurumenean kalte urrien eragiten duen hautua dela azaldu du Sanzberrok, eta «zero hondakin» eragiten duen sistema bakarra dela. Hondakinak erre ondoren sobera gelditzen dena, hondakinen %5 izango dela kalkulatu dute, zabortegira eramango dutela ohartarazi du. Errauste planta non egingo den erabakitzeko dago; Nafarroako Gobernuak Artederretako mendatea proposatu du azpiegitura kokatzeko gune «zuhur» gisara, Larraga, Artaxoa eta Tafallatik gertu.

Hondakinak Kudeatzeko Plana onartzeko atzo Nafarroako Gobernuak egindako urratsa, prozesu baten amaiera da. Jendaurrean egon da testua maiatzetik, eta «zerikusia duten agente» guztiek parte hartu dutela esan du Sanzberrok. Prozesuan kritikak izan dira; ekologista taldeek, esaterako, parte-hartzea ez zela sustatu, eta planaren inguruan informazio gutxi eman zela salatu zuten. Bilera informatiboak, eta eztabaida bilerak egin ziren ondoren, eta gobernuak plana aldatzeko proposamenak egiteko epea luzatu zuen. Guztira 160 proposamen egin direla adierazi du Sanzberrok. Errauste planta ez egiteko eskatzen zuten denak atzera bota dira.

Kritikak

Ekologista taldeek planean hutsuneak daudela salatu dute, eta protestak egin dituzte. Nafarroako Gobernuak errauste plantaren aldeko apustu garbia egin badu ere, errauste plantaren atzean «negozioa» baino ez dute ikusten. Nafarroako Gobernuak beste aukera batzuk aztertzeko parada izan duela salatu dute, atez atekoa edo bosgarren edukiontzia, esaterako, baina muzin egin diela hasieratik.

Plana 2017. urtera arte indarrean egongo zela aurreratzen zuten hasiera batean egindako kalkuluek. Atzo onartu zen plana, aldiz, hiru urtez luzatu da, eta 2020. urtera arte egongo da indarrean. Plana aurrera eramateko eta errauste planta eraikitzeko 213 milioi euro beharko dituztela adierazi dute gobernuko iturriek, hasieran esan zutena baino %8 gutxiago.

Materia organikoa bereizita biltzeko sistema ezartzea ere helburu du planak. Ez du zehazten nola, ezta nori dagokion horren kudeaketa ere. Mankomunitateek 12 hilabeteko epea dute proposamenak egiteko. Gai organikoak tratatzeko plantei buruzko ikerketa egin behar dela dio planak. Egun martxan daudenez gain zenbat gehiago egin beharko diren argituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.