Nafarroako Ikastolen Elkartearentzat 2,5 milioi euro eskatu ditu EAJk

Espainiako Aurrekontu Proiektuari 50 zuzenketa egin dizkio; Nafarroako inbertsio eskariekin kexu da UPN

Erredakzioa
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Aurrekontuetan 2,5 milioi euro gordeko dira Nafarroako Ikastolen Elkartearentzat. Hori eskatu dio EAJk Espainiako Gobernuari aurrekontu lege egitasmoari egindako zuzenketa batean. Diru horren bidez, Nafarroako Ikastolen Elkarteak egiten duen «lan garrantzitsua» bultzatu nahi dute, prentsa agiri batean jakinarazi dutenaren arabera. Guztira 50 zuzenketa egin dizkie EAJk Espainiako aurrekontuei; eta 112 milioi euroren inbertsioak eragingo dituzte. Emendakin horietan zientzia eta teknologiarekin lotuta dauden eta «balio erantsia» duten 27 egitasmo daudela nabarmendu duEAJk.

Nafarroako ikastolentzako egindako eskariarekin, alderdi jeltzaleak ez dagokion «esku-hartzea» egin duela salatu du UPNk. Nafarroaren gaineko emendakinak Nafarroako diputatuekin «negoziatu» beharko liratekeela azaldu du Carlos Salvador UPNko diputatuak, kritiko. «Hartara, alderdi jeltzaleak saihestu egingo luke egoki ez diren zenbait inbertsio egitea».

EAJk, emendakinetan, honako inbertsio hauek hartu ditu ardatz. Atalka:

1. Auto elektrikoa

EAJren emendakinetan bultzada handia ematen zaio auto elektrikoari. Autogintza Industria eta Kirol Ekimenak Sustatzeko Elkarteak 9 milioi euro jasoko ditu auto modularraren garapenean laguntzeko, EAJk jakinarazitakoaren arabera.Egitasmo horrek tamaina erreala duten eta erabilgarri diren hogei prototipo egin beharko ditu, baita ikerketarako eta auto horien muntatzeko planta bat ere. Horrez gain, emendakin horretan auto elektrikoetan erabiliko diren gurpil robotizatuen ikerketarako laguntza eman da.

Epsilon Euskadik bi milioi euro jasotzeko saila eskatu du EAJk emendakin horietan. Diseinu aerodinamiko garatuak landu, eta, besteak beste, haizea argindar bihurtzeko eraginkortasuna hobetzeko ikerketak egingo ditu Epsilon Euskadik diru horrekin. Gaiker zentro teknologikoarentzat ere bi milioi euro eskatu ditu.

2. EHU eta zientzia

Euskal Herriko Unibertsitateko hiru egitasmo bultzatzeko dirua eskatu du EAJk. Parke Zientifikoaren 1 plataforma eraikitzeko 8,8 milioi euroko bultzada emango dute Espainiako Aurrekontuek, zuzenketen ostean. 6 milioi euro erabiliko dira, berriz, Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa egiteko, eta, azkenik, beste bi milioi euroko saila eskatu du EAJk Gizarte Berrikuntzarako zentro bat sustatzeko. Cic Nanogunek eta Donostia International Physics Center-ek 600.000 milioi euroko sail bana jasoko dute.

3. Ikerketa medikua

Osasunarekin eta elikagaiekin lotutako sailak ere eskatu ditu EAJk zuzenketetan. Mondragon Unibertsitateak 2 milioi euroko laguntza jasoko du gastronomiaren ikerketa eta berrikuntza zentro bat sortzeko. Horrez gain, Aztik milioi bat euro jasoko du jakien ikerketak bultzatzeko. Okindegien Ikerketa eta Garapena elkarteak milioi bat euro jasoko du ogiaren ikerketan sakondu ahal izateko.

Lea Artibai ikastetxearentzat 1,5 milioi euroko saila eskatu du EAJk. Polimero eta elikagaien ikerketarako izango da diru hori, betiere osasunera bideratuta. Imbiomed fundazioak ere 1,5 milioi euro jasoko ditu.

4. Hezkuntza

Deustuko Unibertsitateko Aristos Campus Mundus Nazioarteko Bikaintasun Campusarentzat 7,5 milioi euroko saila eskatu du EAJk. Diru laguntza hori Bikaintasun Campus horrek Bilbon eta Donostian dituen campusetan banatuko da. Nafarroako Ikastolen Elkarteak jasoko dituen 2,5 milioi euroez gain, Elhuyar Fundazioak 500.000 euro jasoko ditu Transmeans plataforma garatu eta ezartzeko. Testuak euskaratzeko sortua da plataforma hori, eta aurrekontuen sail horren eraginkortasuna hobetzea izango da. Azkenik, Euskaltzaindiko Ikergunea egitasmoak 300.000 euro jasoko ditu; euskarazko ikerketa zentro bat egiteko aukera aztertuko dute egitasmo horrekin.

Kulturaren alorrean Tabakalera zentroaren egitasmoa garatzeko 7 milioi euroko saila aurkeztu du EAJk emendakinetan.

5. Udalerriak

Hamar udalerri ingurutan dauden egitasmoak ere bultzatuko dira EAJk aurkeztutako zuzenketei esker. Horien artean, Nerbioi itsasadarreko kaien egoera aztertu eta zaharberritzeko egitasmoak jasoko du diru gehien. 11 milioi euro erabiliko dira zeregin horretarako. Bizkaian bertan, Bakioko Txakolingunea egiteko lanek 2,6 milioi euro jasoko dituzte, eta Lekeitioko San Juan Talako-Santa Katalina zaharberritzekoek, 1,4 milioi euro. Gipuzkoan Ordiziako tren geltokia eta inguruko burdinbidearen egokitzapen lanak egiteko eta Zumaiako Santixo hondartza egokitzeko ere 2,4 milioi euroko diru sailak eskatu ditu EAJk.

Nafarroan, Lesakan kultur etxe bat egiteko 3,6 milioi euro emateko eskatu dio EAJk Espainiako Gobernuari.

6. Telekomunikazioa

Euskaltel Fundazioarentzat 6 milioi euroko diru saila gorde du alderdi jeltzaleak, horiekin Arabako komunikazio sare nagusia gara dezan. Horrez gain, Digibat EAEko herri telebisten elkarteak 1,5 milioi euro jasoko ditu Arabako lurreko telebista digitaleko kateak ezartzeko ardura bere gain har dezan.



Datua

112

EAJren zuzenketen balioa, milioi eurotan. Espainiako aurrekontuetan egindako zuzenketa guztiek 112 milioi euroren inbertsioak eragingo dituzte. Sail handiena Bilboko Udalak jasoko duena da, Nerbioi itsasadarrean dauden kaiak zaharberritzeko. Dena den, hainbat esparrutako ikerketa, berrikuntza eta garapena sustatzeko egitasmoek bereganatuko dute diru gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.