Mari Paz Benito Iruñeko Instrukzioko 3. zenbakiko epaitegiko epaileak egin dio Espainiako Bankuari eskaera: Nafarroako Kutxako Administrazio Kontseiluko eta Kontrol Batzordeko kideen eta lehen mailako senideen mailegu, abal edo berme operazio guztiak ikertzeko eskatu du. Jakin nahi du "eskatu direnean egungo finantza merkatuaren arauak errespetatuta eman zaizkien, arrisku txostenak kontuan hartuta, eta espedienteetan jasotzen diren gainerako datu guztiak aintzat hartuta, eta eman zaizkienean ere irregulartasunak egon diren".
Gaur egin dute publiko autoa, eta epaileak bankuari eskatu dio erakundeak ikerketetetarako dituen peritoetako bat izenda dezala berak eskatutakoa aztertzeko.
Pertsonen intimitate eskubideari eragiten dio epaileak eskatutakoak, eta beraz,ikerketak eskatzen duen isilpekotasuna bermatzea eskatu du autoan. Horregatik Espainiako Bankuaren esku utzi ditu Caixabankek emandako informazioa, bi aldeei aldez aurretik informazioa eman gabe.
Guardia Zibila egoitza nagusian
Autoak dionari erantzunez, Guardia Zibila Nafarroako Kutxako egoitza nagusian sartu da, zerbitzaria nagusia aztertzera. Kutxako Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorraren artxibo informatiboetan dauden saioen aktak manipulatu ote dituzten ikertzen ari dira, saioen daten eta edukien agiri originalak eskuratzeko asmoz.
Epaileak Espainiako Bankuari eskatu dion txostenerako informazioa eskuratzeko ari dira egiten Nafarroako Kutxako egoitza nagusian ikerketa.