2010eko abenduaren 29an Nafarroako Aldizkari Ofizialean liburuzainen lanpostuak betetzeko deialdiaren berri eman zuten. Guztira hamalau lanpostu eskaintzen dira oposizio bidez aukeratzeko. Lehiaketa ez denez, euskara ez da derrigorrean jakin beharreko hizkuntza, eta ez da meritu gisa baloratuko, Patri Arburua Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikariak azaldu duenez. Bi lanpostu Bera eta Lesakako liburutegietako arduradunak izateko dira. Mankomunitateak deialdiaren aurkako sinadura bilketa hasi du.
Bera eta Lesakako liburutegietan arduradun asko izan dira, Arburuak adierazi duenez. «Bitarteko moduan egon dira, behin-behinean, hau da, ez ziren funtzionarioak. Batzuk euskaldunak ziren; beste batzuk, ez». Bi lanpostu horiek betetzeko bideak, ordea, liburuzain euskaldun gabe utzi ditzake Bera eta Lesaka. Izan ere, aukeraketa lehiaketa bidez egingo balitz, azterketaz gain lan esperientzia eta jakintzak— euskaraz jakitea barne— baloratu beharko lituzkete. Oposizio bidez eginda, azterketa huts batean ateratako emaitza izango da kontuan. Eta euskara ez da baloratuko. Horrek talka egiten du Euskararen Legearekin, horrek esaten baitu eremu euskaldunetan administrazioko langileek euskaraz jakin behar dutela.
«Deialdia abenduan atera zen, baina lehenagotik urteko lan eskaintzak ikusteko aukera dugu, eta bagenekien zer gertatuko zen. Osasunbidean eta hezkuntzan gertatu moduan gertatu da oposizio honetan ere». Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehenengo inpresioa ez sinestea izan zen. Euskararen Legeak eta liburutegien sarearen erregelamenduaren arabera, eremu euskaldunean eta mistoan liburuzainek euskaraz jakitea derrigorrezkoa da.
Liburutegiko arduradunen lanpostuak aukeratzeko euskara aintzat hartzea eskatu dute Bortzirietako hainbat eragilek. Arburuak adierazi duenez, Euskara Mankomunitateak ez ezik, herritar batek, LAB sindikatuak, Aralarrek eta Berako Udaleko osoko bilkurak ere deialdiaren aurkako helegiteak jarri dituzte. Lesakako Udalak, aldiz, urtarrileko osoko bilkuran ez duela ezer erabaki esan du Arburuak.
«Helegiteak prestatzeko orduan esan digute lan deialdiak egiteko orduan administrazioak nahi duena egin dezakeela, lege bati esker. Ez dakit zergatik Nafarroako Gobernuak oposizioa aukeratu duen zerbitzu publiko hau aukeratzeko». Erizainen auzia gogora ekarri du Arburuak: «Ez dut uste haiek lortu zutena lortuko dugunik». Liburuzainen oposizioetan bezala, hasiera batean erizainen lanpostuetarako deialdian ez zen euskara aintzat hartu. Zenbait pertsonak helegitea jarri zuten, eta epaileak haiei eman zien arrazoia.
Hilabete bukaeraraino Bera eta Lesakako liburutegietan sinadura bilketa egingo dute. Sinadura guztiak bildu ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Arartekoari liburuzain aritzeko euskaraz jakitea derrigorrezkoa izateko eta legeak aitortzen dituen hizkuntza eskubideak babesteko eskatuko dizkiote. «Liburutegi hauetako arduradunek euskaldunak izan behar dute, herritarrei zerbitzu publiko bat eskaintzen dietelako. Legeak babesten ditu herritarrak, eta legeak dio euskaraz jakin behar dutela», esan du Arburuak.
Nafarroako liburuzain oposizioetan euskara ez baloratzea salatu dute
Eremu euskalduneko eta mistoko lan deialdietan euskara derrigorrezkoa dela dio Euskararen Legeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu