komunikabideak

Nafarroako Liburuzainen Elkarteak elkarretaratzea egin du liburutegietako egoera salatzeko

Liburutegi publikoetako langileei lau egunkari soilik erosteko agindua eman zien Iruñeko Kultura zinegotziak, besteak beste BERRIA eta 'Gara' liburutegietatik kanpo utziz.

2009ko apirilaren 23a
19:03
Entzun
ASNABI Nafarroako Liburuzainen Elkarteak elkarretaratzea egin du gaur eguerdian Iruñeko udaletxearen aurrean. Iruñea eta Barañaingo (Nafarroa) liburutegietan besteak beste, BERRIA eta Gara egunkariak ez egoteko bi udal horietako zinegotziek emandako agindua salatzeko bildu dira.

Herri liburutegiak denontzat, denok den-denak garenean lelopean liburutegien inguruko gogoeta egin du ASNABIk. Liburutegi publikoak profesionalek kudeatuta egoteak eta pertsona guztiei ateak zabalik izateak duen garrantzia nabarmendu du elkarteak.

"Iruñeko zein Barañaingo lankideek jasaten ari diren zentsurako eta esku-sartze profesionaleko gertakari aski ezagunak urratzen ari dira, baita gure ohiko lan egiteko askatasuna, eta UNESCOk finkatutako Liburutegi Publikoaren izpiritua bera ere", salatu du Nafarroako Liburuzainen Elkarteak.

Paz Prieto Iruñeko Kultura zinegotziak izandako jarrera "zentsuratzailea" salatu dute berriro ere. Izan ere, Prietok Iruñeko liburutegi publikoetako langileei lau egunkari soilik erosi behar zituztela agindu zien, liburuzainak, besteak beste, BERRIA eta Gara ez erostera behartuz. "Agindu horren bitartez, liburuzainen eskumenak mugatu dira", adierazi du ASNABIk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.