2017ko ekainerako itzularazi nahi dute Nafarroako Ospitale Guneko sukalde zerbitzua kudeaketa publikora, eta horretarako, Nafarroako Gobernuak baimena eman dio Osasunbideko zuzendaritzari elikagaien hornidura kontratatzeko.
Espero da datorren urteko ekainetik aurrera Osasunbideak bere gain hartzea otorduen prestakuntza nahiz elikagaien erosketa. Esku pribatuetan jarraituko du janariaren banaketak eta garbiketak. Horrela, "zerbitzuaren gako diren eremuak administrazioaren kudeaketara itzultzea" da asmoa, "pazienteen elikaduraren kalitatea hobetzeko helburuz".
Gobernu Kontseilu osteko bileran, Fernando Dominguez Osasun kontseilariak azaldu du gobernuaren asmoa dela "oreka bat" bilatzea "ingresatutako pertsonen eta senideen onura orokorraren eta itzuleratze partzialaren kostu ekonomikoaren artean". Urtero 750.000 euroko kostua izango du kudeaketa hori erakunde publikoen esku uzteak, Dominguezen esanetan.
Gainera, azaldu du kudaketa publikoak 33 lanpostu publiko sortzea eragingo duela: zortzi sukaldari, lau dietetika aditu, bromatologo bat, hamazazpi zerbitzu langile, bi administrazio laguntzaile eta unitate buru bat.