Espaniako Gobernuak urte amaieran jarri zion helegitea Nafarroan bizi diren pertsona guztiei osasun eskubidea ziurtatzeko legeari. Nafarroako Parlamentuak onartu zuen legea iazko otsailean, UPN eta PP ez beste talde guztien babesarekin.
Madrilek argudiatu zuen Osasun Ministerioak zehaztutako neurrien kontrakoa dela legea —ministerioak ohiko osasun zerbitzutik kanpo utzi ditu paperik ez daukaten immigranteak, soilik larrialdietara joateko aukera lagata—. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu zuen Espainiako Gobernuaren salaketa, eta, horrekin, legea eten egin zuen.
Erabakiaren kontra alegazioak jarri zituzten, ordea, Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak. Konstituzionalak, haiei kasu eginez, erabaki du sententzia argitaratu arte ohiko zerbitzua bermatzea paperik gabeko etorkinei ere. Sendagaiak erosteko laguntzak mantentzea ez du onartu, ordea, Konstituzionalak.