Pentsiodunei botikarik ez kobratzeko. Agindu hori eman dio Nafarroako Parlamentuak gobernuari. Ikusteko dago gobernuak zer jarrera hartuko duen, baina PSNk, Bilduk, NaBaik eta Ezkerrak bat egin zuten atzo. Sozialistek aurkeztu zuten lege proposamena, atzoko parlamentuko osoko bilkuran, eta beste talde horien babesa jaso zuen. UPN eta PPN bakarrik gelditu ziren. Parlamentua «intsumiso» egin dela adierazi zuen PPNk; pentsiodunei botikak kobratzearen aginduaren kontra egitea legeari kontra egitea litzatekeela nabarmendu zuen UPNk.
Adibidea ere jarri zuen gobernuko taldeak: Eusko Jaurlaritzak botiken berrordainketaren kontra egin du, baina Espainiako Gobernuak helegitea jarri du Jaurlaritzaren erabaki horren kontra, Auzitegi Konstituzionalak. Pentsiodunak botikak pagatzera behartzen dituen Madrilgo gobernuaren agindua oinarrizko araua dela eta Nafarroak ez dezakeela ezer egin uste du UPNk.
Parlamentuak onartutako legearen arabera, pentsiodunek, 65 urtez gorakoek, alargunek, 18 urte baino gutxiagoko zurtzek eta 33. gradua baino mendekotasun handiagoa dutenek ez dituzte botikak pagatu behar.
Mendekotasun legearen murrizketen kontra bai, egin du UPNk. PPN bakarrik gelditu zen, atzo, parlamentuan, mendekotasun legearen murrizketen ddefentsan. UPNk berak ere gaizki hartu ditu mendekotasuneko murrizketak, Madrilgo gobernuak herrialdearen eskumenen kontra egin duela uste baitu. Espainiako Auzitegi Konstituzionalerako joko du Nafarroak, beraz, mozketa horien aurkako helegitearekin. Lehenago, Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioek ere gaitzetsi dituzte mendekotasun alorreko murrizketak.
Nafarroako Parlamentua, berrordainketaren aurka
Osoko bilkura eginda, mendekotasun legearen mozketei helegitea jartzearen alde agertu da Nafarroan parlamentua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu