komunikabideak

Nafarroako Parlamentuak atzera bota du euskarazko hedabideak laguntzeko mozioa

PSNren botoa erabakigarria izan da; 2009ko bere erabaki bat ez du aintzat hartu, eta bat egin du UPN eta PPrekin. Mozioa NaBai, Bildu eta Ezkerrak aurkeztu dute. Topaguneak aurtengorako 650.000 euro eskatu zituen duela aste batzuk.

2012ko urtarrilaren 11
13:01
Entzun

Nafarroako Parlamentuak euskarazko hedabideen alde egin gabe segituko du aurten, goizean atzera bota baitu komunikabideon egoera indartzeko eta egonkortzeko NaBai, Bilduk eta Ezkerrak aurkeztutako mozioa. UPN, PSN eta PP neurriaren kontra azaldu dira eta, ondorioz, gehiengo osoz hartu du erabakia legebiltzarrak. Nafarroako 2012ko aurrekontuetan diru sailik ez da aurreikusten euskarazko hedabideentzat, euro bakar bat ere ez. 

PSNren jarrera aldaketa erabakigarria izan da. Aipatutako mozioan esaten da Nafarroako Gobernuak, Euskararen Legeko 27. artikuluak dioenez betez baliabide ekonomiko eta materialak emateaz gain, euskarazko hedabideekin hitzarmena egin beharko lukeela, parlamentuak berak 2009an erabaki zuenez; PSNk orduan horren alde egin zuen, gaur ez.

Pedro Rascon parlamentari sozialistak esan du gobernuak 2012ko aurrekontuak eginak eta onartuak dituela, eta hau ez dela berriro diru kontuez hitz egiteko garaia. PSNk "euskara babesten" segituko duela adierazi du Rasconek, eta ohartarazi du "euskara denena" dela eta "ez batzuena bakarrik". UPNk aipatu du egoera ekonomikoa zaila dela; "gainera, eskatzen duten dena emanda ere kexatzen segituko lukete hedabideok".

NaBai, Bilduk eta Ezkerrak salatu dute "erabakia politikoa" dela, eta beste taldeei Euskararen Legea bete ez izana egotzi diete.

Topaguneak abenduan, parlamentuko saio batean, aurtengorako 650.000 euro eskatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.