Alderdi politiko guztien babesarekin onartu dute gaur Nafarroako Parlamentuan Parisko atentatuak gaitzesteko mozio bat. Ainhoa Aznarez parlamentuko presidenteak aurkeztu du, eta bost puntu ditu: besteak beste, elkartasuna adierazten diete paristarrei, eta "inolako arrakalarik gabe" gaitzesten dituzte atentatuak.
EH Bilduk beste mozio bat aurkeztu du, eta hura ere onartu dute. Aldaketaren gobernuaren lau alderdien aldeko botoak jaso ditu. Mozio horren bidez nabarmendu dute Parisko herritarren mina munduko beste edozein tokitako herritarren minaren parekoa dela. Hala, erantsi dute atentatuei eman beharreko erantzunean ezin dela giza eskubideen urraketerik izan. Armen salmenta ere salatu dute.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren atarian eta hainbat euskal erakunde publikotan elkarretaratze isilak egin dira Parisko atentatuak gaitzesteko. Lakuako kontzentrazioan Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hartu du parte.
Aurrez, bilera egin dute Urkulluk eta Frantziaren Bilboko kontsul Fabrice Delloyek. Kontsulak azpimarratu du atentatuak "Europako zibilizazioaren kontrakoak" izan direla, "munduko demokrazien kontrakoak".
Atzo, Nafarroako Jauregiaren aurrean elkartu ziren Nafarroako instituzio nagusietako ordezkariak Parisko atentatuak salatzeko. Gobernuak hiru eguneko dolua ezarri du. Uxue Barkos Nafarroako presidenteak gogor salatu zituen ostiraleko atentatuak, eta elkartasuna adierazi zien erasoetan hil eta zauritutako guztiei. Era berean, oso modu positiboan baloratu zuen Nafarroako alderdi eta erakunde guztietako ordezkariek salaketan bat egin izana.
Bost minutu iraun zuen elkarretaratzeak, eta isilik egin zuten. Dozenaka herritarrek erantzun zioten gobernuaren deiari. Bertan izan ziren, besteak beste, Barkos bera, Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordea, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, Javier Esparza UPNko presidentea, Maria Txibite PSNko idazkari nagusia eta Carmen Alba Espainiako Gobernuko Nafarroako ordezkaria. Txalo zaparrada batekin bukatu zen ekitaldia.
Eguerdian, berriz, Donibane Lohizune eta Hendaian egin zituzten elkartasun kontzentrazioak. Herriko etxeen aurrean batu ziren ehunka herritar, isilik.