ELIZA KATOLIKOA

Nafarroako Parlamentuak tramitera onartu du Elizaren immatrikulazioak eragozteko legea

Eliza katolikoak ezin ditzan ondasunak nahierara bereganatu, hipoteka legea moldatzearen alde egin dute parlamentuko indar politikoek, UPNk eta PPk salbu.  

Uharteko San Juan eliza da Eliza Katolikoak bere izenean jarri duenetako bat. IDOIA ZABALETA, ARP
Oihan Vitoria.
2014ko maiatzaren 22a
14:10
Entzun

Espainiako Gobernuak hipoteka legea aldatzeko asmoa du, eta Elizak galdu egingo ditu ondasunak bere izenean jartzeko abantailak. Aurreproiektua lege bihurtu arte urtebete igaro daiteke, eta ondarearen defentsarako plataformek ohartarazi dute Elizak "presaka" jardungo duela eskura dituen eraikinak bereganatzeko. Nafarroan soilik mila ondasun baino gehiago bere izenean jarri ditu Iruñeko Artzapezpikutzak 1998tik 2007ra.

Horren harira, Nafarroako Parlamentuak tramitera onartu du immatrikulazioak eragozteko legea. Ezkerraren proposamena PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik eta Geroa Baik babestu dute; UPNk eta PPk, ordea, kontra bozkatu dute. Madrilen eskumena da hipoteka legea moldatzea. Hala, proposamena onartuz gero, Espainiako Kongresuak aztertu beharko luke Nafarroako Parlamentuaren eskaria.

Ezkerrako parlamentari Txema Mauleonen arabera, Eliza katolikoak "sekulako lapurreta" egin du azkeneko urteetan. Onartezintzat jo du. Argi utzi nahi izan du zein den bere jarrera: "Berdintasunaren alde gaude, ez Elizaren kontra". Ildo horretatik, PSNko ordezkari Juan Jose Lizarbik esan du Jose Maria Aznar presidente ohiaren gobernuak eginiko lege aldaketa ez dela "era egokian" aplikatu, eta horregatik "ezinbestekoa" dela egun indarrean dagoena aldatzea. Asmo horrekin bat egin du Bilduko parlamentari Victor Rubiok. Salatu du Eliza katolikoa Nafarroako etxe agentzia "handiena" izan dela, eta nola edo hala eten beharra dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.