Nafarroako Parlamentuak salatu egin du UPNk zuzendutako gobernuak Euskalerria irratiarekiko izan duen jarrera. Talde guztiek egin zuten atzo adierazpenaren alde, UPNk izan ezik. Parlamentuak «atsekabea» azaldu zuen Euskalerria irratiaren irregulartasun egoera dela-eta gobernuak izan duen jarreragatik. Onartutako adierazpenak irregulartasun egoera horri irtenbide bat emateko eskatzen dio gobernuari. Horretarako, irrati eskaintza zabaltzea eta baimenak ematea galdegiten dio Miguel Sanzek zuzendutako exekutiboari.
NaBairen eta Nafarroako Ezker Batuaren ekimena izan zen atzo onartutako adierazpena. Bi indar politikoen arabera, Euskalerria irratiaren irregulartasun egoerak agerian uzten du Nafarroako Gobernuaren «jarduerarik eza» afera honetan. Gainera, gogorarazi dute aitorpen judiziala duten tokiko irratien irregulartasun egoera berrikusteko eskatu ziela Espainiako Diputatuen Kongresuak autonomia erkidegoei, 2010eko martxoko ebazpen batean.
Nafarroako Parlamentuak UPN salatu du, Euskalerria irratiarekiko jarreragatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu