'CAN AUZIA'

Nafarroako Parlamentuan hainbat agiri aurkezteko eskatu dio Kontuz plataformak Goñiri

Banca Civicako eta Nafarroako Kutxako presidente ohiak bihar egingo du agerraldia parlamentuan, kutxaren kudeaketaren inguruan azalpenak emateko.

2013ko otsailaren 18a
17:17
Entzun

Enrique Goñi Banca Civicako eta Nafarroako Kutxako presidente ohiak bihar emango ditu azalpenak bi entitateetan eginiko kudeaketaren inguruan, eta froga gisa agerraldira hainbat agiri eramateko eskatu dio Goñiri Kontuz Nafarroako Kutxako bezeroen plataformak.

Besteak beste, ondoko agiriak aurkeztea galdegin dio Kontuz-ek Goñiri: Kutxako zuzendaritzako kideen 2002tik 2012rako soldata; lansari horiek onartu zituzten organoetako aktak; 2007tik 2009ra erositako lokal eta lur eremuen erosketa bermatzen zuten merkatu azterketak; eta 2002tik 2012rako Administrazio Kontseiluen aktak.

Agiri horiek talde parlamentarioei aurkezteko eskatu du plataformak. Halaber, Goñik hainbat galdera erantzutea nahi du Kontuz-ek. 28 galdera egin dizkio guztira; segidakoak dira batzuk: "Zein izan zen Goñi jaunaren urteko soldata Nafarroako Kutxan sartu zenetik? Kontratu blindatua al zuen kaleratua izanez gero? Zergatik igaro zen Nafarroako Kutxa bost zuzendariorde izatetik hogei izatera Goñi jauna zuzendari zen urteetan?".

Gainera, plataformak oroitarazi du elkarretaratzera deitu dutela bihar goizeko hamarretarako Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Goñiri "egia" eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.