Nafarroa Baik izen berria du herrialdeko legebiltzarrean: Aralar-NaBai. Geroa Bai sortu eta NaBai bezala aurkeztu ziren bazkide batzuk hango kide (ere) direnetik jendaurrean gauzak nahasi samar daudela eta egoera "argitu" beharra dagoela ikusten zuen Aralarrek. Horregatik erabaki du izena egokitzea parlamentuan; gaur aldatu du.
2011ko maiatzeko foru hauteskundeetan koalizio gisa aurkeztu zenez, ezin du 'Nafarroa Bai' izena kendu eta beste bat jarri. Egokitzea zen kontua, Aralarren arabera.
2011ko udazkenetik dator kontua. Aralarrek orduko azaroko Espainiako hauteskundeetarako Bildukoekin bat egin —ezker abertzalea, EA eta Alternatibarekin—, eta Amaiur bezala aurkeztu zen. NaBaiko beste bazkideak ez ziren batu —EAJ eta independenteak—, estrategia desberdinagatik, Geroa Bai sortu zuten eta hala joan ziren Espainiako bozetara. Nafarroako udaletan eta legebiltzarrean, ordea, Aralar, EAJ eta independenteek elkarrekin segitu zuten NaBain, harik eta iazko urrian koalizioko gehiengoak parlamentuko taldetik kanpo utzi zituen Manu Aierdi (EAJ) eta Patxi Leuza (Zabaltzen taldea).
"Gu ez gara haiek, eta haiek ez dira gu", diote Nafarroako Aralarreko iturriek. Iruñeko Udalean, dena dela, NaBaik izen horrekin segitzen du, bertako gehiengoa Geroa Baikoek baitute.