Errealitate ekonomikoak baldintzatutako lehen hitzaldian, bere gestioari etengabeko laudorioak eskaini dizkio. Adibidez, Sanzek gogoratu du Cies inkestagilearen arabera Nafarroako Gobernua dela herritarren artean «erakunderik baloratuena». Krisiaren aurrean, «egoera hoberenean» den erkidegoa dela nabarmendu du eta Nafarroa 2010 plana zein onartu berri den Moderna plana txalotu ditu. «Badakit 41.374 langabeentzat edo zailtasunetan diren enpresa edo autonomoentzat ez dela kontsolagarri». Ñabardurak ere ezarri ditu, dena den, 2011 «urte zaila» izango dela iragarriz, edo langabezia krisi aurreko egoerara itzuli arte gobernuak ez duela etsiko esanez.
Horrez gain, etengabeak izan dira PSNri egindako keinuak, eta «oposizioan babesa ematea zaila dela jakinik», bere laguntza eskertu dio Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiari. Akordio politikoetan zein CEN patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen arteko hitzarmenetan Nafarroa ere «eredua» dela deritzo Sanzek: «Krisiaren aurka erabakitasunez borroka egitea, gobernuaren eta enpresen lidergoa, sindikatuen ekimena, diferentziak alboratuz eta arduraz leial jokatuz UPNk eta PSNk norabide berean bat eginda lan egitea, horrek guztiak asko balio du».
NaBai: «Bakea etorriko da»
Oposizioaren hitzaldiekin, kritiken txanda ailegatu da. Nafarroa Baiko Patxi Zabaletari oso adierazgarriagoa iruditu zaio, adibidez, Sanzek aipatu gabe utzi duena, esandakoa baino. Adibidez, gogoan hartu du iazko hitzaldian Sanz «kezkatuta» azaldu zela bakegintzaren inguruan: «Eta zer egin du UPNk alor horretan urte honetan? Beti bezala, trabak, oztopoak eta zailtasunak jartzeaz gain, ezer onik ez». Indarkeriaren aitzakia «onura politikorako» erabiltzea aurpegiratu dio.
Zabaletak defenditu du «bakea eta normalizazioa» ailegatuko direla, baina ez dela Sanzen ekarpenei esker izango. «Hausnartu ezazue UPN gabe, edo are okerrago UPN aurka duela, gerta ez dadin». Zabaletak oroitarazi dio Sanzi Nafarroako gizartearen gehiengoak inoiz baino beharrezkoagoa duela normalizazioa.
Erantzuteko tartea iritsi zaionean, bigarren hitzaldian, Sanzi haserrea nabaritu zaio. «Bakea iritsiko da indarkeriaren alde daudenek hiltzeari uzten diotenean, eta Espainiakoa bezalako gizarte demokratiko baten printzipioak onartzen dituztenean». Sanzek ukatu egin du inoiz indarkeria onura politikoak ateratzeko baliatu duela, eta bakea ez dela UPNren aurkakotasunarekin iritsiko erantsi du. «UPNren laguntzarekin, esfortzuarekin eta sakrifizioarekin iritsiko da».
Patxi Zabaletaren kritikak, alabaina, ez dira alor horretara mugatu. NaBaiko eledunak legealdian Sanzek ez duela «transferentzia bakar bat ere» eskatu salatu du. «Ez zara ezta saiatu ere egin». Horregatik, bere ustez, hitzaldia «etsigarria» izan da, eta krisiaren aurrean «arinkeriaz» jokatzea egotzi dio.
Zabaletaren irudiko, «iraingarria da» 42.000 langabeentzat, Barne Produktu Gordinaren joera on batekin soilik krisia gailendu dela esatea. «Nafarroa zer den eta krisia zer den ez ulertzea da». Gizarte ikuspuntutik emandako erantzuna «baliogabea» izan dela eta egiturazko krisia den heinean «beste erantzun bat» behar dela nabarmendu du. Gainera, 11 urteotan enplegu planetan gobernuak gastatutako 1.400 milioi euroak zertarako balio izan duten ere galdetu dio Sanzi.
PSN: «Ziklo amaiera da»
Azken lau legealditan «Nafarroaren alde» egindako lana eskertu ondoren Sanzi, gizarteari «zer erronka eta zer plan» dituen ez duela azaldu kritikatu du PSNko Roberto Jimenezek. «Atzerantz egiten ari den gobernu baten aurrean gaude. Ziklo baten amaiera da». Jimenezek nabarmendu du azken legealdi horren ezaugarria «egonkortasun instituzionala eta PSNren eskuzabaltasuna» izan direla. «Guk lagundu zaituztegu; sinetsita nago, ordea, gurekin beharragatik zaudetela».
Laster aurrekontuen eztabaida etorriko dela-eta, eskua luzatuta duela eta erantzukizunez jokatzeko prest daudela aipatu du, baina UPNk «are ardura handiagoa» duela gogorarazi dio. UPNk Estatuko Aurrekontu Orokorretan abstentzioa iragarri duela-eta, eztabaida hori «gaizki» hasi duela kritikatu du. Bere ustez, ordea, legealdia oraindik ez da amaitu. «Herritarrek ez ligukete barkatuko orain hauteskundeetan pentsatzea, oraindik ere krisian baikaude eta ez krisi ondorenean».
CDN: «Ilusiorik gabe»
Legealdi hasieran gobernuko bazkide zen CDNren aldetik kritika gogorragoa heldu zaio Sanzi. Jose Andres Burgueteren ustez, Sanzen hitzaldia «etsigarria»izateaz gain, «buruatseginean» erori dela iritzi dio. «Ganorarik eta ilusiorik gabeko gobernua da, ez du benetako konpromisorik, epea amaituta du gobernu honek».
«Non dago autogobernuaren defentsa?, galdetu dio, era berean.Bere ustez, EAJk PSOErekin eskumenen transferentzia hitzartu duen bitartean, alor horretan UPNk ez du ezertarako baliatu legealdi honetan PSNren babesa.«Trena nola igarotzen den ikusten ari gara, beste batzuk tren barruan doazen bitartean». Asaldagarria iruditu zaio ere Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak Ekofinen egon ahal izatea, eta alor horretan ere Nafarroako Gobernuak «ezer ere ez» aldarrikatzea.
Nafarroako Ezker Batuko Ion Errok, berriz, gobernuaren ezgaitasuna deitoratu du. Sanzen adierazpenei erreferentzia eginez, Nafarroak krisi bete-betean jarraitzen duela salatu du. «Hemen ez dio euria egiteari utzi, hemen erauntsia dugu». Errok gogorarazi dio Sanzi «25.000 langabe gehiagoarekin» utziko duela gobernua, eta bere legealdian egunero 20 kaleratu izan direla batez beste. Pasibotasunez aritzea egotzi dio «Gutxienez, batzuk gobernua aldatzen dute, zuk ez gobernua, ezta politikak ere», aipatu du.
Eztabaidaren jarraipena egin du Cerverak Twitter bidez
«Nafarroako Parlamentua, politika orokorreko eztabaida. Parte hartzen ez dudanez, tuiteatu egingo dut». PPko Santiago Cerverak gonbidatuen harmailetatik kasu egin zion eztabaidari, Twitterbidez. Fisikoki gertu zuen Barcinari sarean gauza bera ez egitea leporatu zion, adibidez.Aldaketarako baldintzak daudela dio ezker abertzaleak
Nafarroako ezker abertzaleak aldaketa aurreikusten du lurralde hartan. Batetik, aurtengoa ezker abertzalea Legebiltzarretik kanpo dagoen azken urtea izango dela nabarmendu du, eta bestetik, «aldaketa politiko eta soziala izan dadin» baldintzak egon badaudela azpimarratu du. Miguel Sanzen aroaren bukaera dela azpimarratu du ezker abertzaleak, baina aro horren amaiera izateaz gain beste eredu bat garatzeko garaia ere badela nabarmendu du.«Eskuin espainolistari modu demokratikoan aurre egiteko», beharrezkotzat jo ditu akordioak. Alderdi ezkertiar eta abertzaleek bat egin behar dutela uste du. Horregatik, alderdi zein eragileei jakinarazi die prest daudela akordioak lortzeko. Akordio horiek Gernikako Adierazpenaren, Euskal Herriaren aitortzaren, erabakitzeko eskubidearen eta ezkerreko akordio programatikoen ildotik joan beharko luketela nabarmendu du, gainera. Itunak egiteko prestutasuna ez ezik, haiek lortzeko konpromisoa ere agertu du ezker abertzaleak, eta baita hauteskunde eremuan aliantza berriak lortzeko ere.
Hiru ordutik gora Sanz, 20na minutu baino ez oposizioak
Eztabaida erabat desorekatua da. Goizean, Sanzek, hasierako hitzaldian zein erantzunen txandan, hiru ordutik gora hitz egin zuen. Oposizioko eledun bakoitzak 20 minutu baino ez zituen Sanzen hasierako hitzei erantzuteko. 15:00etan amaitu zen goizeko saioa. Arratsaldeko saioan ere Sanzek hitz egin zuen gehien.Bakegintza eta krisiari buruz 45 ebazpen egin ditu NaBaik
Eztabaida ez da amaitu, gaur jarraituko du. Alderdiek 120 ebazpen aurkeztu dituzte: Nafarroa Baik 45 -besteak beste, bakegintzari, krisiaren aterabide sozialari eta Ongizate Estatua bermatzeko egiturazko konponbideei buruz-, UPNk 18, PSNk 26, Nafarroako Ezker Batuak 17 eta CDNk 14.Kazetariei jota baten hitzak gogoraraziz ekin dio Sanzek, eta gobernuari etengabe bota dizkio loreak ondoren, Nafarroaren egoerari buruzko bere azken saioan.
Sanz, Arkadia zoriontsuan
Joxerra Senar. IruñeaBegirada eta foku guztiak hari zuzenduta daudela ondotxo daki Miguel Sanzek, irribarrea aurpegian duela Parlamentuan sartu denean. Nafarroako lehendakari gisa foru erkidegoaren egoerari buruzko azken osoko bilkurari ekin aurretik, hitz batzuk egin dizkio beste parlamentuari -hots, kazetariei-, eta hitzaldiko bere asmoen berri iragarri du Espainiaren aldean bere gobernuaren gestioaren bikaintasuna goraipatuz: «Hobeto ikusten dut [Nafarroa], baina horrek ez du esan nahi, jotak dioen bezala, denok gehiago eta gehiago eta gehiago nahi ez dugula. Ezagutzen duzue jota, ezta?». Zur eta lur kazetariek mikrofonoak jaitsi dituzte, eta ganberara sartzear zela, Sanz jota abesten hasi da.
Ganberaren goialdean, UPNko kontseilu politikoak gaur presidentegai izendatuko duen Yolanda Barcina ageri da. PPko Santiago Cerverak agurtu eta bina musueman dizkio. Handik gutxira CDNko Juan Cruz Alli eta Jose Andres Burguete ere harmailetara igo dira Barcina eta Cervera agurtzera. Nafarroako eskuina berriz ere elkarrekin. Irudi bat baino ez?
Berandu ekin dio osoko bilkurak, eta berehala erasoari ekin dio Sanzek. Datuak, datuak eta datuak, «okerrena» igaro dela eta Nafarroa «post-krisian» dagoela adierazteko. Datuen artean, metafora bat. «Gizarte modernoa aurrean eraman eta berekin gehiegikeriak eta handikeriak eraman dituen tornado batekin alderatu daiteke krisia. Lainotuta egon arren, orain euria egiteari utzi dio eta zorua erabat lokaztuta dugu». Lokatz gutxi, ordea, Sanzen laudorioetan. Aukeratutako datuekin beti egoera hobean ageri da Nafarroa... Espainiarekiko.
Santiago Cervera PPko buruzagiak iPad batean murgilduta du begirada. Twitter-en eztabaidaren jarraipena egiten ari da. «Onartezina konformismoa, bere buruaren laudorioa eta atsegina. Nafarroarentzat jarrera kaltegarria da», idazten du. Oso gertu, webgune berean helbidea duen Yolanda Barcinak teknologia berriei uko egin die gaurkoz, eta zentzumen guztiekin Sanzen hitzak jarraitzen ari da. Bere gobernukoeta UPNko kideak bezala.
Alabaina, Pedro Miguel Etxenikek maiz hitzaldietan gogorarazten duen bezala, 45. minututik aurrera entzuleen arreta desbideratu ohi da, eta Sanzen hitzaldia ez da salbuespen. Oraindik ere ekuadorrera iritsi ez denean, aharrausiak ageri dira. Lehena ahoa zabaltzen, Barcina bera izan da. Bat, bi eta hiru. Aurrerago, Patxi Zabaletak ere ezin du ekidin.
Bateratze, konkista, inbasio...
Hala ere, 2012ko bosgarren mendeurrenaren ospakizuna gogoraztera iritsi denean Sanz, parlamentariak esnatu egin dira. Nafarroa Gaztelako erreinura «bateratu» zela aipatu du Sanzek eta NaBairen eserlekuetan protestak hasi dira: «Beno, inbasioa, zeren benetan...», hasi da esaten Sanz, baina mezua eten du: «Inbasioa, konkista..., norberaren interpretaziorako kontzeptuak dira. Nik diot bateratzea izan zela. Edonola ere, historiak eta denborak erakutsi du Espainiarekin bat egin zuelaberezko eskubideagatik, baina baita sinesmen osoarekin ere».
Gero, gestioa goraipatzen jarraitu du. Burguetek aipatu bezala, Sanz «Arkadia zoriontsuan».